Juanjo Olasagarrek irabazi dau Joseba Jaka bekea

Bizkaie! 2020-05-05 13:46   Kulturea

Urtebeteko epea dauka sariketara aurkeztutako nobelea amaitzeko.

Juanjo Olasagarre Mendinueta (argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Elkar Fundazinoak urte birik behin emoten dauen Joseba Jaka sorkuntza bekea Juanjo Olasagarre Mendinueta idazle nafarrak irabazi dau, Mamu izateko moduak izenburuko proiektuari esker. Antolatzaileek 10.000 euro emongo deutsiez, eta Olasagarrek gehienez urtebetean amaitu beharko dau nobelea. Epaimahaiko kideak Maialen Berasategi Catalán, Iratxe Retolaza Gutierrez eta Iban Zaldua Gonzalez izan dira.

Proiektuaren anbizinoa eta hartutako arriskua azpimarratu ditu epaimahaiak, ebazpenaren arrazoiak emoteko orduan. Danetara 21 hautagai egon dira Joseba Jaka bekearen edizino honetan, baina osoena Olasagarrerena begitandu jake epaimahaikideei: Euskal nobelagintzan horren ohikoa ez dan konbinazinoa proponiduten dau, hau da, genero fantastikotik euskal gatazkearen arrakalak zeharkatuko dituan begiradea. Euskal gizarte eztabaidan pil-pilean dagoan gai bat aukeratuz ganera, gure hurreko iraganaren inguruko errelatoarena hain zuzen.

Juanjo Olasagarrek honela azaldu ditu proiektuaren nondik norakoak: Proiektua abenduan entregau genduan, pandemiaren aurretik, eta, aurreko batean, irakurri neutsan nobela erdibidean dauen nobelista bati, arraroa egiten jakola, bizi izaten gabizanagaz, bere pertsonaiek hemendik aurrera zer pentsauko daben erabagitzea. Ataka honetatik ez dakigu zelan urtengo dogun, zelan urtengo dauen munduak, eta nobelista horrek be ez daki zelan urtengo daben bere pertsonaiek. Hau jente askori pasetan jako, niri be bai. Ez dakit eragingo deutsan nobeleari, proiektuan behintzat ez egoan.

Euskal gatazkea aukeratu dau Olasagarrek nobelearen ardatza izan daiten. Nik uste dot, guri, herritar legez, jazo jakun gauza handi bat izan dala euskal gatazkea, adierazo dau bekearen irabazleak; euskal gatazkeari heldu deutsat, baina beste ikuspegi batetik. Nobela honetan idazle bat dago, idazle andra bat, eta mamuen edo fantasmen nobela bat idazten dabil, euskal gatazkearen inguruan. Hari horreek biak lotuz nobela hau idazten saiatuko naz.

Normalean, Joseba Jaka bekea irabazleari emoteko ekitaldi ofiziala Elkar Sariak banatzeko ekitaldian egiten da. Aurten, baina, Covid-19ak eragindako osasun larrialdiagaitik bertan behera itxi dabe zuzeneko saio hori.

Juanjo Olasagarre (Arbizu, 1963) euskal literaturako izen ezaguna da, Volgako Batelariak taldean hasi zanetik, eta lehenagotik be bai. Nobelagintzan sartu-urten ugari egin ditu, 2017ko Poz aldrebesa dau elebarririk barriena orain arte, baina Joseba Jaka bekeari irabazi dauen Mamu izateko moduak laster helduko da irakurleen esku artera, ondo bidean.

Poesia dau genero kutunenetako bat Olasagarrek. Olerkiak bilduma ugaritan plazaratu ditu: Gaupasak (1991), Bizi puskak (1996), Puskak biziz (2000), Ia hemen (2018)... Beste genero batzuetan be ibili izan da, berbarako, itzulpenean eta antzerkigintzan.

Olasagarreren liburu nagusiak Susa eta Alberdania argitaletxeen katalogokoak dira. Ganera, XX. mendeko poesia kaierak bilduman, 2002an, ordura arteko haren lanen antologia plazaratu eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu