Bilboko Guggenheimek EAEko artista gazteak New Yorkeko egonaldietarako izena emoteko epea zabaldu dau

Bizkaie! 2020-05-05 11:22   Kulturea

Bagilaren 30era arte emon ahal izango da izena Museoaren webgunean.

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek epea zabaldu barri dabe EAEko artista bik New Yorken lau asteko egonaldia egiteko programearen seigarren deialdian parte hartzeko; egonaldia aurtengo urria eta abendua bitartean egingo dabe, izan be, COVID-19ak sortutako ziurtasunik bako egoerea gorabehera, Guggenheim museoek artisten aldeko apustua egiten dabe eta horregaitik aurten be artista hasibarri biri —EAEn jaiotakoak edo hemen bizi diranak izan behar dabe— New Yorken hilebete egoteko aukerea emongo jake, osasun egoereak ahalbidetzen badau behintzat. Han, hurretik ezagutu ahal izango dabe uri horretako arte giroa, baita euren gaitasunak indartu eta helburuak finkatu be.

New Yorken egingo daben egonaldian hautatutako personek hango arte-munduan sartutako artisten, arte-arduradunen eta erakundeen jardunaren barri izango dabe Solomon R. Guggenheim Museum-eko profesionalen eskutik. Aste horreetan han bizi ahal izateko, hautatutako persona bakotxak 3.000 dolarretako diru-laguntzinoa jasoko dau.

Hautagaiek gaurtik aurrera izena emoteko aukerea dabe Museoaren webgunean bagilaren 30era arte; izena emateko epea amaitzen danean, museo bietako arte-arduradunek hautagaiek aurkeztutako agiri eta material guztiak aztertu eta garagarrilaren amaieran hautatutakoen izenak ezagutarazoko ditue.

Gaurdaino, hamar artistek parte hartu dabe New Yorken lau astez egoteko ekimen honetan: lehenengo edizinoan Carla Tobar eta Alain Urrutia izan ziran hautatuak; bigarrenean, Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco; hirugarrenean, Gala Knörr eta Maite Pinto; 2018ko edizinoan, Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi; 2019. urtean, Raquel Asensi eta Jon Gorospe aukeratu zituen.

Artista hasibarrientzako egonaldi-programa hau zein EAEko ikasleentzako bekak 2014ko abenduan Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-egaz sinatutako Kudeaketa Akordioaren barritzean barrubatzen dira; barritzeak erakunde bien arteko hartu-emonetan sakontzen dau hainbat proiekturen bidez.

COVID19 birusak mundu osoan eragindako egoerearen arabera, datak aldatu egin daitekez edo programa osoa bertan behera itxi; Basque Artist Program ekimenagaz lotutako argibide guztiak webgunean eguneratuko dira.

Interesdunek oinarriak ikusi eta izena emon leikie hemen


Sarbide-panela:

https://empleo.guggenheim-bilbao.eus/admin/job_offer

user: educacion@guggenheim-bilbao.eus

pass: U-YAfhY8FLCY6-eT

Egonaldi-programeari buruzko edozein duda edo argibide nahi izan ezkero jo helbide honetara: basqueartistprogram@guggenheim-bilbao.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu