Elkano Fundazinoak musikea eta literaturea bultzatuko ditu

Bizkaie! 2020-05-05 09:44   Kulturea

Ipar Euskal Herriko erakunde batzukaz hitzarmen bi sinatu ditu.

Hendaiako Nekatoenea (argazkia: EIE eta Elkano Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mugak zabaldu ditu Getariako Elkano Fundazinoak, alderdi geografikotik eta, batez be, alderdi kulturaletik. Izan be, lankidetzan hasi da Ipar Euskal Herriko eragileakaz, literaturan eta musikan sormena bultzatuko daben proiektu bi martxan jarteko asmoz. Sorkuntzak Juan Sebastian Elkanoren XVI. mendeko mundu bireagaz lotuta egongo dira, getariarraren bidaiaren inguruko ezagutzea eta orduko kontestu sozial, ekonomiko eta kulturalaren ondarea zabaltzeko.

Hitzarmen bi egin ditu Elkano Fundazinoak. Lehenengoa, musikeari lotutakoa, EKE, Euskal Kultur Erakundeagaz sinatu dau. Koldo Amestoy kontalari baxenafartarrak eta Nerea Alberdi musikari bizkaitarrak helduentzako ipuin musikatua sortuko dabe. Bilboko Loraldiaren barruan estreinautako Elkano. Mundubira. Primus ikuskizunean hartu eban parte Alberdik, hortaz ez dau lehenengo aldia Elkanoren joan-etorriak musikaz jazten dituana.

Elkano Fundazinoa eta EKE lanean dabiz musikadun ipuin barria zabaltzeko bideen bila. Ipar zein Hego Euskal Herriko publikoagana heldu nahi dabe hurrengo hileetan, Amestoyk eta Alberdik lana prest dabenean.

Beste hitzarmena Hendaian egoitzea dauen CPIE-Euskal Itsasbazterra, Euskal Itsasbazterreko Ekimenen Zentro Iraunkorragaz sinatu dau Elkano Fundazinoak. EKE eta Euskal Idazleen Alkartea be tartean dagoz kasu honetan. Elkanok munduari bira osoa emon eutsaneko 500. urteurrena laster datorrenez, Hendaiako Nekatoenea etxean egonaldia egiteko deia zabaldu dabe idazleen artean.

Berez, egonaldiok urtero egiten dira, aurten 10. edizinoa izango da. Baina Elkano Fundazinoa tartean sartu danez, berezitasun bat izango dau aurtengo deialdiak: Elkanogaz eta munduko bireagaz lotuta egon beharko da egonaldian sortzen dan lan literarioa, edo, bestela, nabigazino, esplorazino, kartografia, astronomia eta antzekoakaz.

Interesa daben idazleek maiatzaren 31ra arte aurkeztu leikie hautagaitzea (oinarriak hemen). Aukeratutako idazlea Nekatoenean egongo da denporaldi batez, idaztea beste ardura barik. Bertatik sortzen dan lan literarioa Elkano Fundazinoak argitaratu eta zabalduko dau. Ze genero literario edo formatu erabiliko dauen idazleak aukeratuko dau.

Literatureari lotutako hitzarmena 2022ra arte egongo da indarrean. Hortaz, Nekatoeneko egonaldia bultzatzeaz gan, lau erakunde sinatzaileek dibulgazino-berbaldiak, erakusketak... antolatuko ditue. Euskal itsas kulturea eta ondarea bultzatzea izango da ekimenen helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu