Nafarroako 12.000 argazki zahar batzen dituan webgunea sortu dabe
2020-05-05 09:05 KultureaHamarkada bat behar izan da Nafarroako argazkilaritza ondarea atondu eta berreskuratzeko.
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak herritarren eskura jarri ditu Foru Komunidadeko azken ehun urteko historian, 1860tik 1969ra bitartean, izandako ibilbidea erakusten daben 12.000 argazki baino gehiago. Horretarako, www.fototecanavarra.es webgunea sortu dau, bertan instituzinoak gorde dauen Nafarroako argazkilaritza ondarea antolatu eta batu da. Webgune horren bitartez 21 funtsetatik eskuratutako eta digitalizautako argazki zaharrak konsultau daitekez.
Sartzea librea daben argazkien erdia baino gehiago bost funts insituzionaletatik jaso da; horreen guztien artean nabarmentzekoak dira Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Komisinoaren 792 argazki, 1861 eta 1935 urtekoak, antxinakotasunagaitik XX. mendeko barritze lanen aurreko arkitektura zein ondare artistikoaren errediografia erakusten dabenak.
Nafarroako gizarte ohituren testigantza grafikoa jaso da, 1924ko eskualdeko erropen inguruko argazkiak batuz edo 1912ko mendietako baserrien irudiak jasoz. Bestalde, Nafarroako Foru Aldundi Probintzialak Herri-lanen Zuzendaritzeak sustatuta hainbat herritan egindako lanen argazkiak ikusi daitekez, Foru Korporazinoak egindako ekitaldi ofizialak, Sevillako 1929ko Erakusketa Iberoamerikarra edo 1916 eta 1934 artean Nafarroako ondare artistikoari buruz Arxiu Mas Bartzelonako argazki estudioak egindako 3.117 argazkiak.
Bestalde, familiek eta norbanakoek emondako 16 funtsetan topautako argazkiak jaso dira eta garrantzitsuenak José Galle moduko argazki profesionalek edo Julio Altadill, Carlos Amat, José Belzunce, José Martínez, Alberto Oficialdegui, José Velasco, Fidel Astiz, Eugeniusz Frankowski, Juan Ciganda eta Ángel Martínez argazkilaritza zaletuek egindakoak. Funts horreetatik digitalizautako argazkiei jagokenean, Foto Galleren kasuan, Nafarroako kazetaritza argazkilaritza nagusia, nitrato eta beira euskarrietan egindako argazki zaharrak aukeratu dira. Bestalde, Julio Altadillen, Nafarroako argazkilari amauteur aitzindariaren, argazki gehienak batu dira, guztira 1.364 erretratu.
Azkenik, aitagarria da Mariano Ansó, Victoriano Aoiz y del Frago, Arturo Campión, Generoso Uharte eta Iráizoz Astiz familiek emondako funtsak, Nafarroako estudio profesionaletan ateratako argazkien bitartez.
Familien eta norbanakoen funts horreek guztiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian dagoz egileek holan eskatuta eta kasu gehienetan dohaintzan emon ditue. Artxiboak argazkien jagoletzea eta mantenua bermatzen dau eta berreskuratu eta digitalizau nahi dituenen esku jarten ditu. Argazki zaharrak dituenek eta instituzinoei emon gura izan ezkero, langile teknikoakaz berba egin leikie archivogeneral@navarra.es epostaren bitartez.
Lan teknikoak
Vianako Printzea Erakundea, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak hamar urte baino gehiago behar izan ditu Nafarroako argazkilaritza ondarea antolatu eta berreskuratzeko. Egun, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak Nafarroako Fototeka programea landu dau, berreskuratze, digitalizazino, historia eta artxiboko adituak batzen dituan ondare historiko bakar horreei behar daben tratamendua emoteko.
Gaur egun aitatutako 21 funts horreen gaineko lan teknikoak amaitu dira eta dagoeneko sarean eskuragarri dagoz; orain, beste 33 funtsetako argazkigaz dabiz lanean, zehatz, katalogetako bidean dagoz Aireko eta Lurreko Argazkiak eta Santa María del Villar Markesaren funtsa eta laster ekingo jako Real Defensa Markesen eta Jesús María Lacasiaren argazki funtsen lanei. Lan horreek amaitu ahala Interneteko katalogoa eguneratuko da.
Orain arte argazki horreek guztiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian bakarrik ikusi eitekezan, egun, ostera, Interneten argitaratzeagaz batera gizarte guztiaren esku jarri dira.
Argazkien konsultea Nafarroako Fototekearen bitartez egin daiteke www.fototecanavarra.es webgunean; bertan argazkiak antolatuta dagoz eta Artxibo Edegia bilatzailearen bitartez www.archivoabierto.navarra.es deskribapenen bidez konsultau daitekez argaziak eta aurrebistea eskuratu, hori guztia funts dokumentala interesa dauen edonoren esku jarteko helburuz.
Iraulketa barri horren bidez, Artxibo Edegia bilatzailea Nafarroako artxiboetatik datozen lehen iturriak linean konsultetako lehen baliabidea da. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko eta Nafarroako Artxibo Garaikideko 266.000 erregistro deskribatzaile baino gehiago batzen ditu, XIII. eta XXI. mendeetakoak. Nafarroako Gobernuak Internet bidez dokumentu-iturri historikoak hurreratzeko egindako apustua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!