Bilboko Konparsek erronkea bota dabe: Aste Nagusiko Tribiala

Bizkaie! 2020-05-04 13:08   Pil-pilean

Sare sozialetan jokatu ahal izango da, maiatzaren amaierara arte.

Bilbotarrek eta jaizaleek ondo pasau deien, lehiaketa barria ipini dabe martxan Bilboko Konparsek, Aste Nagusiaren ganeko Tribial Herrikoia. Erronkea bota dabe, ia nork dakian gehien Bilboko jaien inguruan. Ondo paseteaz gan, gizartearen aldeko ekintzatzat jo dabe ekimena Konparsek: krisi larri eta gordin honetan danetariko egoerak dagoz etxeetan, eta tribialak une batez ilusinoa berreskuratzeko balio badau, horregaitik be merezi dau egitea.

Lehiaketearen funtzionamendua Trivial mahai-joko ezagunean oinarrituta dago: Gaika banatuta, galderak egingo ditue antolatzaileek, jenteak erantzuna emon deian. Erantzun zuzenak emon ahala, Trivialeko gaztaiak irabaziko ditue jokalariek, harik eta biribil osoa bete arte.

Sei gaztai, bakotxa gai batekoa, behar dira biribila osotzeko. Honeek dira gaiak: historia; geografia; denpora-pasa; zientzia eta naturea; kirola eta aisialdia; eta artea eta literaturea. Gaur, astelehena, hasi eta maiatzaren 31ra arte, egunero galdera bat botako dabe Konparsek sare sozialetan (Instagram, Facebook eta Twitterren). 20:30ean zabalduko dabe eguneko galderea.

Lehengo eta gaur egungo Aste Nagusia gogora ekartea eta hobeto ezagutzea da jokoaren helburua, ondo paseteaz gan. Gorago aitatutako legez, jai giroak eragiten dituan ilusinoa eta alaitasuna biztu eta konfinamendua arintzea be bada beste asmo bat.

Ganera, gogoan izan behar da zalantzan dagoala 2020ko Aste Nagusia zelakoa izango dan, momentuko osasun egoereak esango dauelako hori. Berez, abuztuaren 23an da hastekoa Bilboko jai handiena, baina ezin da ezer ziurtasunez aurreikusi.

Covid-19aren larrialdian gagozanez, Bilboko Konparsek Tribial Herrikoiaren aurkezpena aprobetxau dabe maitasuna eta esker ona bialtzeko osasun-langileei, zahar-etxeetako langileei, zaintza-taldeetako kideei, suhiltzaileei, banatzaileei, dendariei, postariei eta ezinbesteko lana egiten dabenei, baita langabezian geratu diran guztiei be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu