Osasun larrialdiak kulturan izan dauen eragina aztertzeko tresnea
2020-05-04 07:50 KultureaKrisiaren Euskal Behatokiak sektorearen jarraipena egingo dau.
Gauza jakina da Covid-19ak gizartearen eremu guztietan izan dauena eragina, eta kulturearen arloan eragin hori sakona eta negatiboa izan da. Eusko Jaurlaritzearen ekimenez dabilen Kulturearen Euskal Behatokiak, beraz, tresna barria jarri dau martxan, sektorearen jarraipen zehatza egin eta kulturgintza osoa kontuan hartuko dauen mekanismo bateratua eukiteko. Krisiaren Behatokia izena emon deutsie.
Lehenik eta behin, krisiaren aurretik euskal kulturgintzearen egoerea ezagutzeko azterlanak egingo ditu Behatokiak. Beharrezkoa da aurreko egoereari buruzko informazinoa izatea, kultura sektoreek 2019an eta 2020ko urtarrilean eta zezeilean izandako jarduereari buruzko datuak, inpaktua neurtzeko erreferentzia izan daitezan, proiektuaren bultzatzaileen arabera.
Horren ondoren, krisiak kulturgintzan izan dauen eragina jorratuko dabe: Ezarritako neurriek ze aldaketa eragin dituen, hilabete bakotxean zenbaterainoko galerak egon diran... Kulturgintzako sektore bakotxean egindako ikerketak izango dira oinarrietako bat.
Batutako datuak, bai aurreko egoerakoak eta bai krisiaren ingurukoak, txostenen bidez plazaratuko ditu Krisiaren Behatokiak. Begirada globala zein azpisektore espezifiko bakotxekoa lantzen ahaleginduko dira. Horrezaz gan, egoereari aurre egiteko proposamenak egingo ditue.
Martian hasi zan igarten Covid-19aren krisia, ekitaldiak bertan behera geratzen hasi ziranean. Apirila bete-betean jo dau krisiak, maiatza bide beretik doa eta, aurreikuspenen arabera, bagila be ez da ona izango.
Kulturearen Euskal Behatokia 2006an sortu zan, Kulturearen Euskal Planaren bidez. Plan horren helburu estrategikoetako bat da EAEko kulturearen egoeraz eta bilakaeraz informau eta azterketak egitea. Horretarako sortu zan, hain zuzen be, Kulturearen Euskal Behatokia, euskal kulturgintzea informazino eta ezagutzearen ikuspuntutik elikatzen dauen erakunde egituratzailea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!