Pandemian be genero-ikuspegia kontuan hartzeko eskatu dau Emakundek
2020-04-30 08:47 Pil-pileanHainbat aholku batu ditu zerrenda baten.
Covid-19ak eragin dauen larrialdi sanitario, sozial eta ekonomikoari erantzuteko orduan, genero-ikuspegia kontuan hartzeko eskatu dau Emakundek, krisi honek emakume eta gizonakan eragindako egoera desbardinei hobeto aurre egiteko. Emakunderen arabera, nazinoarteko erakunde ugarik azpimarratu dabe genero-ikuspegia txertatzearen beharra, esate baterako, Nazino Batuek, Europako Batasunak eta Lanaren Nazinoarteko Erakundeak.
Gizonen eta emakumeen artean krisi honek eragin leikezan desbardintasunak alor baten baino gehiagotan igarri leitekez. Zaintzearen kasua da argienetako bat, zeregin horretan askoz emakume gehiago dabizalako gizonak baino, etxe barruan zein modu profesionalean. Enpleguaren kasuan, prekariedade handiagoa izaten dabe emakumeek batez beste, eta desabantaila hori areagotu egin leiteke pandemia sasoian, neurririk hartu ezean.
Ganera, Emakunderen datuen arabera, egoera makal edo preminazkoetan emakumeak dira nagusi, berbarako guraso bakarren eta edadeko jentearen artean. Horrenbestez, beharrezkoa da Covid-19aren larrialdiari aurre egiteko orduan genero-ikuspegia be kontuan hartzea. Erakundeen erantzuna koordinetan dabil Emakunde arlo horretan, baita informazinoa zabaltzen eta herritarren eskura jarten be.
Bide horretan laguntzeko gomendio-zerrendea argitaratu dau Emakundek bere webgunean, epe labur zein luzean hartzen diran erabagiak eraginkorrak izan daitezan eta inor atzean geratu ez daiten. Beste erakunde batzuen aholkuak be sartu ditue zerrendan. Atal hori gaurkotzen eta osotzen joango dira aldian-aldian.
Bestetik, emakumeen kontrako indarkeria matxistearen kasuetarako arreta-zerbitzuen funtzionamendua bermatzea be lehentasunetako bat da, biktima guztiek zerbitzuotarako sarbidea izan deien. Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzu horreek martxan dagoz Covid-19aren larrialdian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!