31. Kaleka bertan behera
2020-04-29 08:05 KultureaJaialdia bertan behera geratzen dan bigarren aldia izango da.
Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak ezin izango dau aurten bere 31. edizinoa egin COVID-19ak sortutako osasun larrialdia dala eta eskatzen diran neurriak ezin diralako ziurtatu. Garagarrilaren 9tik 12ra egin beharreko jaialdia ezinezkoa da egun bizi dogun egoeran, izan be, gogoratu daigun urtero 20.000 ikusletik gora batzen dirala jaialdian.
Kalekaren prestakuntza lanak eginda, bertan parte hartu behar eben konpainia eta kolektiboak aukeratuta egozan. Deialdi edegian aurkeztutako 500 taldeetatik 20 izan ziran aukeratuak. Edizino honetan jatorri ezbardineko ikuskizunak aurreikusten ziran, besteak beste, Kolonbia, Txile, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentziar Erkidegoa, Madril, Murtzia eta, jakina, Euskal Herritik etorritako konpainia eta kolektiboak. Eta jarduera horreek guztiak garagarrilaren 9, 10, 11 eta 12an zehar eskainiko zituen eta eduki, formatu eta hizkuntza anitzetako jantza, zirkua, clown, keinu-antzerki, esperimentazino espazioa edota piroteknia ikuskizunen bidez. Baina zoritxarrez ezin izango doguz ikusi. Aurtengo jaialdia bertan behera geratzen dan bigarren aldia izango da, 1995eko edizinoa eta gero. Sasoi horretako krisi ekonomikoa izan zan jaialdia galarazo ebana.
Kalekak kulturearen alde egiten dau sutsu eta garrantzitsua da hori Lekeitio eta lekeitiarentzat eta ez hori bakarrik, ikusle asko erakarten ditu herriko ekonomia eta merkataritzea indartuz. Beraz, jaialdiak egiten dauen ekarpena handia izaten da arlo ezbardinetan.
Kaleka Lekeitio eta inguruan egiten dan jaialdi garrantzitsuenetako bat da eta holan izan behar dau hurrengo urteetan be. Gure herriaren nortasunaren parte da jaialdia hau, urtero milaka persona gurera erakarten dituena. Kultura arloan be sekulako aberastasuna eskaintzen deusku, beste modu batean ikusi ezingo genduzan ikuskizunak gurera ekarriz. Kalekak eskaintzen deuskun aberastasuna handia da eta herrian dauen eragin ekonomikoa be nabarmena da, gure ekonomian eragin zuzena izaten baitau. Urtean zehar Lekeition egiten dan ekitaldi handienetakoa izanda, ostalaritzan, merkataritzan eta bestelakoetan be egiten dauen ekarpena oso inportantea da. Modu berean, Kaleka Lekeitiotik kanpora be proiekzino handia dauen ekitaldia bilakatu da, kale arteen sektorean erreferentea izanik, Lekeitioko markearen parte be bada.
Gogoratu nahi da urteetan zehar Eusko Jaurlaritzeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak emondako laguntzinoa, horreen ekarpenik barik ezinezkoa izango baitzan jaialdiak dauen mailara heltzea.
Momentu honetan ezinezkoa egiten da beraz Kaleka, are gitxiago lehentasuna danon ongizatea danean. Beraz, Lekeitioko Udalak 2020ko jaialdia bertan behera ixtea erabagi dau hurrengo urtean, egoerea hobea izango dalakoan, jaialdiak bere ibilbideari eutsiko deutso inoiz baino gogo gehiagogaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!