Bertan behera Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak
2020-04-28 12:39 KirolaTxapelketok maiatzaren 30ean eta 31n eta bagilaren 6an eta 7an egitekoak ziran, Gasteizen.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzeak bertan behera itxi ditu Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen 39. edizinoa. Txapelketok maiatzaren 30ean eta 31n eta bagilaren 6an eta 7an egitekoak ziran, Gasteizen, baina Covid 19 pandemiari eusteko neurriek ezinezko egin dabe aurtengo edizinoa.
Eskolarteko Kirol Jokoek 12 eta 14 urte bitarteko 2.500 neska-mutil inguru batu behar zituen, danak be euren lurraldeetako eskola-kiroleko txapelketen irabazleak. Holan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak lehiatu behar ziran Euskadiko txapeldun izateko honako modalidadeetan: aerobic, xakea, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitzea, futbol 11, futbol 7, areto futbola, gimnasia erritmikoa, judoa, karatea, euskal pelotea, tenisa, errugbia, boleibola, hondartza-boleibola, padela eta ugerketea. Kontua da ze Osasun Larrialdiaren eta Alarma Egoerearen ondorioz indarrean jarritako osasun eta segurtasun neurriek ez dabela horreek egiteko aukerarik itxi.
Eskola-kirola lurralde historikoetako foru aldundien eskumena dan arren (toki-administrazinoakaz lankidetzan sustatzen ditue lehiaketa horreek), Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak Eusko Jaurlaritzeak antolatzen ditu.
Txapelketok amaiera ezin hobea emoten deutsee ikasturte osoan zehar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatzen diran eskola-kiroleko probei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!