Idazle eta ilustratzaileek bat egin dabe Bizkaia Txapeldun ekimenagaz
2020-04-28 09:19 KultureaUme eta gaztetxuek be hartu leikie parte marrazkiak eta istorioak bialduta.
Konfinamenduko egun luzeak arintzeko eta umeen sen artistikoa biztuteko, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri dau asteotan Bizkaia Txapeldun ekimena. Neska-mutilek euren marrazkiak, istorioak, olerkiak, gutunak eta abar bialdu leikiez, eta amaieran liburu baten argitaratuko dabe dana. Orain, ganera, Bizkaiko hainbat ilustratzaile eta idazlek bat egin dabe: Marrazkiak eta istorio labur bana dituen piezak bialdu ditue binaka.
Marrazkidun sei ipuin dira, eta hamabi artista: Toti Martínez de Lezea, Mikel Alvira, Leire Bilbao, Nerea Arrien, Jabier Elortza, Seve Calleja, Irati Eguren, Alex Orbe, Ane Pikaza, Elena Ciordia, Kike Infame eta Nuria Hache. Istorioak konfinamenduagaz lotuta dagoz, umeek egoerea hobeto ulertu deien eta etxean egonda be irudimenagaz olgau leikiela jakin deien. Euskeraz dagoz ipuin batzuk, besteak gaztelaniaz.
Nahi daben ume guztiek hartu leikie parte, epea zabalik dago oraindino. Dagoeneko ehun lan inguru jaso ditu Foru Aldundiak, eta idazle eta marrazkilari ezagunek emondako laguntzinoari esker, laster gehiago izango dirala uste dabe.
Lanak bialtzeko modua erraz-erraza da. Marrazkia egin ezkero, argazkia atera eta posta elektronikoz bialtzea da onena, bizkaiatxapeldun@bizkaia.eus helbidera, edo whatsapp aplikazinoaren bidez (688847473). Idazlanei jagokenez, posta elektronikoz bialdu ezkero, PDF formatuan egon beharko dira. Whatsappez edozein formatuk balio dau. Mezuan, parte-hartzailearen izena eta edadea baino ez dira jarri behar.
Jasotako lan guztiak hemen ikusi eta irakurri leitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!