Bizkaiko Batzar Nagusiak orain dala 41 urte jarri ziran barriro indarrean
2020-04-28 08:59 KultureaDiktadurea amaitu eta Demokrazia heldu zanean, hain zuzen be.
Hamaika legealdietan, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak jazoera historiko garrantzitsuak bizi izan ditu, besteak beste, Gernikako Arbola biren landaketea, bost ahaldun nagusiren eta beste horrenbeste lehendakariren izentapena, ehunka foru arauren onespena, egoitzak eta eraikin historikoak barriztetako lanak, museo baten sorkuntzea, gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna, edo koronabirusak Batzarretan eragin dauen geldialdia.
1979ko apirilaren 28an, Diktadurea amaitu eta Demokrazia heldu zanean, barriro jarri ziran indarrean Bizkaiko Batzar Nagusiak, 1876an baliobakotu ziranetik 100 urte baino gehiagoko parentesiaren ostean. Momentu haretan bertan, Bizkaiko Batzarrek etapa barria hasi eben, bere esku egozan gai garrantzitsuetan (zergak, gizarte ekintza, errepideak...) foru arauak garatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarduerearen kontrola egiteko gaitasuna eukan erakunde moduan. Egoitza nagusia, Gernikako Batzarretxea, Lehendakariek euren kargua ehunka urteko haretxaren azpian zin egitearen lekuko izan zan barriro be.
Bizkaiko Batzar Nagusiak tradizino historiko handikoak dira; jatorria Erdi Aroan dago eta, hori dala eta, Europa osoko lehenengo sistema politiko demokratikoetakoa izan ziran. Demokraziaren garaian, barriro indarrean jarri eta gero, Bizkaiko Batzar Nagusiak Euskadiko Autonomia Erkidegoaren instituzionalizazino prozesuaren eta euskal lurraldeen eskubide historikoak berreskuratzearen protagonista garrantzitsuak izan dira. Gaur egun, erakundea, igazko bagilean, Ana Otadui lehendakari izanda, hasi zan XI. agintaldia.
Bizkaiko Batzarren egiturea eta osoketea aldatzen joan dira hamaika legealdi honeetan. Gaur egun, erakundea 51 batzarkidek osotzen dabe. Batzarkideak sufragio unibersal zuzenaren bitartez aukeratzen dira, lau urtez behin, Udal hauteskundeakaz batera egiten diran Foru hauteskundeetan. Azkenengoak 2019ko maiatzaren 26an izan ziran. Dagozan aukera politikoen artean, bizkaitarrek euren ordezkariak aukeratzen ditue Bizkaiko lau zirkunskripzinoetan (Bilbo, Enkarterri, Busturia-Uribe eta Durango Arratia). Lehenengo agintaldian (1979-1983) sei izan ziran.
Lau hamarkada honeetan, antolatzeko modu horrek gorabeherak izan ditu, ordezkari kopuruari jagokonez eta emakumeek Bizkaiko Batzarretan izan daben partaidetzeari jagokonez, batez be. Adibidez, lehenengo agintaldian 90 ordezkari izan ziran eta horreetatik 5 baino ez ziran emakumeak izan. Lau hamarkada honeetan, 116 emakume izan dira batzarkide, kopuru txikia, 484 gizonakaz alderatzen badogu. XXI. mendeagaz batera, emakumeek Batzarretan izan daben indarra asko aldatu da. Egun, Gernikako osokoen aretoan gizon baino emakume gehiago dago: 26 emakume eta 25 gizon. Abagune hori bat etorri da 2017ko udan martxan jarri zan erakundeko lehengo Bardintasun Planaren garapenagaz.
Urte honeetan zehar beste jazoera garrantzitsu batzuk be bizi izan ditu, Gernikako Arbola biren landaketea, adibidez (2005eko eta 2015eko neguetan). Foru erakundeak bertako bost lehendakariren izentapena ikusi dau: José María Macua, Anton Aurre, Aitor Esteban, Ana Madariaga eta Ana Otadui, baita haretx historikoaren aurrean beste horrenbeste Ahaldun Nagusik (José María Macua, José Alberto Pradera, Josu Bergara, José Luis Bilbao eta Unai Rementeria) eta bost Lehendakarik (Carlos Garaikoetxea, José Antonio Ardanza, Juan José Ibarretxe, Patxi López eta Iñigo Urkullu) euren karguaren zina edo promesa egitea be.
Garai moderno honetan beste momentu batzuk be nabarmendu behar dira, Enkarterriko Museoa eregitea Abellanedako Batzarretxean (1994) edo Gerediagako San Salbador eta San Klemente Baseleizea Batzarretxe moduan egokitzea (2003). Bere beste egoitza batean, Gernikako Batzarretxean, beste momentu historiko bat bizi izan zan 1980ko martiaren 31n, Euskadiko Legebiltzarraren lehenengo saioa, hain zuzen be.
Era berean, 40 urteetan lehenengoz, koronabirusaren krisia dala eta Batzarretako jarduerea gitxienekoetara murriztu dala; halan da be, azkenengo teknologiei esker, alarma egoeran egon arren, Bizkaiko Batzar Nagusiek beharrean jarraitzen dabe, arauak onesteko eta Foru Gobernua kontroletako euren egitekoa betez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!