Bilboko Udal Artxiboak gero eta interes handiagoa eragiten dau

Bizkaie! 2020-04-28 08:21   Kulturea

Aurreko urteetan baino agiri gehiago jaso zituan 2019an.

1801eko udal-akta baten zatia (Bilboko Udal Artxiboa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtetik urtera herritarren eta erakundeen gero eta laguntzino handiagoa jasoten dau Bilboko Udal Artxiboak, datuek erakusten dabenez. Uriaren dokumentu-ondarea gorde eta jagoteaz arduratzen da artxiboa, Bilboren historiaren zati garrantzitsu bat diralako urteetan zehar argitaratutako idazki, kartel eta abarrak. Herritarrek konsultau egin leikie hori material guztiori. Ganera, artxiboko beharginak edukiak digitalizetan dabiz, konsultea erraztu eta konserbazinoa hobetzeko.

Kontuak kontu, 2019an 284,5 metro lineal agiri jaso zituan Udal Artxiboak, 2006tik dokumentautako kopururik altuena. Dagoeneko, 8.000 metro lineal gordeten dira bertan. 13 dokumentu-moltso jaso ziran igaz, tartean Aste Nagusiko eta Aratusteetako 70 kartel original, 1983tik 2019ra artekoak.

Udalaren osoko bilkuren aktak be, mekanografiaz idatziak, badagoz jasotako agirien artean. 1936tik 1988ra bitartean erakundearen egunerokoa ezagutzeko aproposak dira. Hezkuntza Sailak 1879tik 1994ra uriko eskoletan egindako obren dokumentazinoa dago beste agiri-moltso baten.

Beste alde batetik, Argazki Artxiboa be nabarmen hazi da azkenaldion. Bilboko Udalak emon dauen datuaren arabera, fototekan 300.000 irudi baino gehiago daukiez, eta 2019an horko 57.000 argazkiren deskribapenak egin ziran. Alfonso XIII.a Espainiako erregeak Bilbora eta inguruko beste herri batzuetara egindako bisitearen argazkien banakako deskribapena azpimarratu leiteke, 1902koa. Azken Gerra Karlistako irudiak be batu eta deskribatu ditue azkenaldion.

Agiri eta argazkien bilduma erraldoi hori eguneratu eta hurrengo belaunaldientzat gordeteko asmoz, digitalizazino prozesuak be aurrerapen nabarmena izan dau. 2019an 42.000 dokumentu digitalizau ziran, aurreko urtean baino % 23 gehiago. Ricardo Bastida arkitektuaren proiektuak eta La Gaceta del Norte egunkariaren argazkiak dagoz igaz formatu horretara pasautakoen artean.

Lan horri esker, bilbotar eta ikerlari askok Udal Artxibora joten dabe informazino bila. 2019an 3.833 konsulta egin ziran (% 3ko hazkundea), eta Udal Artxiboaren webguneak 11.500 bisita izan zituan. Beraz, agiriak eta argazkiak emoteko zein horreek konsultau eta erabilteko, gero eta interes handiagoa dagoala agertzen dabe datuek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu