Getxoko Munduko Sokatira Txapelketea 2021ean egingo da
2020-04-27 08:50 KirolaUrtebete atzeratuta, berme guztiakaz antolatu nahi dabe hitzordua.
2020ko Munduko Lur Ganeko Sokatira Txapelketea 2021ean jokatuko da, antolatzaileek urtebete atzeratzea adostu dabe eta. Getxon da jokatzekoa lehiaketa horren hurrengo edizinoa, eta irailerako dana prest izan daben arren, zentzuzkoena hamabi hilabete atzeratzea izango dala ikusi dabe, 2021eko irailera.
TWIF Nazinoarteko Federazinoagaz hartu-emonetan ibili dira azken asteotan Getxoko Munduko Txapelketearen arduradunak, fetxak aldatzeko aukerea aztertzeko. Hurrengo urteetako Europako eta Munduko txapelketen antolatzaileakaz be ados jarri behar izan dira. Azkenean, 2021eko irailaren 15etik 19ra egingo dabe Getxokoa, aurtengo preparauta euki daben formatuari eutsita.
Covid-19 gatxa izan da atzerapenaren arrazoi bakarra. Antolatzaileek ezin dabe aurreikusi uda ostean osasun egoerea zelakoa izango dan. Baina, ganera, mundu guztian ezarritako konfinamendu eta murrizketek izango daben eragina be gogoan hartu dabe. Behar dan moduko entrenamenduak egin barik, taldeak ezin izango litzatekez Getxora egoera fisiko aproposenean etorri.
Euskal Herriko sokatirearentzat, nazinoartean finkatu eta hemengo barri emoteko aukera bikaina izan da 2020ko Getxoko Munduko Txapelketea. Ganera, euskal ordezkaritzeak dominak irabazteko helburua izan dau kategoria gehienetan, bai euskal selekzinoagaz eta baita taldeka be. Urtebete itxaron beharko dabe horreek asmo guztiek.
Antolatzaileek aurreratu dabenez, 2021eko Getxoko hitzordua puntuagarria izango da 2022ko Munduko Jokoetarako. Olinpikoak ez diran kirolen nazinoarteko topaketa hori Birminghamen (Alabama, AEB) egingo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!