Atalak 2020 programako esperimentazino laborategiak hasi dira

Bizkaie! 2020-04-23 12:26   Kulturea

Atalak Sareak Euroeskualdeko sorkuntza koreografikoaren sustapena egiten jarraituko dau.

Atalak, Sorkuntza Koreografikorako Mugaz Haraindiko Sareak, beste behin egoera barrietara egokitzeko dauen gaitasuna erakutsi eta 2020ko lehen esperimentazino laborategia abian jarri dau asteon, Denis Santacana koreografoaren gidaritzapean: Atalak Sarea osotzen dogun erakundeok 2020ko programea aurkeztera ginoiazan itxialdia ezarri ebenean. Beraz, egoera barrietara moldatzeko lanean jarraitu genduan, hausnartzen eta konponbideak bilatzen. Atalak sareak, ostera, erronka handi honi erantzuna emon eta danoi esker esperimentazino laborategiak abian dira.

Orain, inoiz baino gehiago, Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko sorkuntza koreografikoa bultzatzen jarraitu behar dala azaldu dabe Atalak Sareko kideek. Akaso ez da aurrez aurre batzeko eta mobiduteko momentu egokiena, baina bai sorkuntza eta laborategi lanetan jarraitzeko. Atalak programeak produkzinoa sortu, komunidadeak alkar konektau, sareak eratu eta indartzen jarraitzen dau: Gure aurtengo programea birplanteau eta proiektua diseinau dogu errealidadearen arabera. Datozen aste eta hileotan ziurbakotasuna izango da nagusi, baina zirrikitu txikienari be ateak zabaltzen deutseguz aurrera egiteko. Sare hau osotzendaben erakundeak, aurtengo programea aurrera eroateko hautatutako koreografoek zein jantzariek etxetik gogor lan egiten jarraituko dabe.

Modu honetan, 14 jantzari Denis Santacana koreografoagaz kolaboretan dabiz 2020 urte honetako lehen esperimentazino laborategiari hasierea emoteko: Datozen egonaldiei begira be esan geinke dana emongo dogula horreek aurrera eroateko. Gure ekintza danek hausnartzeko bideak zabaldu eta aurrerapausuak emotea ahalbidetuko deusku. Atalak inoiz baino gehiago laborategi bihurtu dira.


Online esperimentazino laborategia

Proposamena bideo jantza diziplinearen esperimentazinoa izango da eta laborategian aurrera eroango diran prozesu ezbardinen bidez proposamen artistiko bat sortzea da helburua. Itxialdian egon arren, laborategia abian da eta bakotxak bere etxetik egiten dau lan. Bideoak eta grabazinoak sorkuntzarako eta harremanetarako tresna bilakatu dira. Jantzari bakotxak itxialdian dagoan lekutik sortzen dau esku artean dituan materialagaz. Nire lanean behin eta barriro erabilten ditut objektuak. Pieza askori emoten deutsat hasierea objektu jakinen erabilereagaz. Kasu honetan, etxeetako espazioak erabiliko ditugu, ezohikoak jantzearen munduan. Aldi berean objektuak erabiliko ditugu eta ezohiko alkarrekintza horretatik ateratakoa jasoko da, gure mobimentuek zelan baldintzatzen gaituen aztertuz, argitu du Denis Santacanak.

14 dantzariren esperimentazioa ikus-entzunezkoan formatuan jasoko da. Dantzariak batera egon ezin diren ezohiko sorkuntza izango da. Helburua hamar minutu inguruko iraupena duen bideo dantza pieza bat sortzea. Online esperimentazio laborategia garatzeko metodologia ondorengoa da:

- Gorputza preparetako eskola teknikoak.

- Bideo jantzearen inguruko masterclass ezbardinak diziplinea ezagutzeko. Saio horreek gaian adituak diran personek emongo ditue, berbarako, David Hinton britainiarrak, mundu mailan bideo jantzearen alorrean erreferentea, Iñaki Alforja, Maite Bermudez, Gorka Martin eta Alex Pachon bertoko adituak.

- Jantzari bakotxagaz banakako alkarrizketak.

- Etxeko espazioen lokalizazinoa.

- Gidoiak sortzea.

- Proposamenak zehazteko jarraipena.

- Jantzari bakotxari bideratutako lan personalizatua.

- Materialen grabazinoa.

- Piezearen edizinoa.


Atalak Euroeskualdeko sorkuntza koreografikorako sustapena

Jantzaz buru dauen mugaz haragoko proiektuaren bazkide nagusiak CCN Malandain-Ballet Biarritz, Baluarte Fundazinoa, Tabakalera, Gipuzkoako Jantzagunea eta Vitoria-Gasteizko Antzerki Sarea dira.

Urtez urte kolaboratzaile sarea handiagoa da: Dantzerti-Euskadiko Goi Mailako Konserbatorioa, Murice Ravel Baiona-Biarritzeko Konserbatorioa, Jose Uruñuela Vitoria-Gasteizko Konserbatorioa, SGAE Fundazinoa, La Fundicion eta Azala.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu