Konfinamenduan dagozan ikasleen jarduera fisikoa aztertuko dau EHUk
2020-04-23 10:25 Pil-pileanMiloe erdi gazteren ohiturak izango ditu ikergai, beste unibersidade batzuen laguntzinoagaz.
Geure bizimodua goitik behera aldatu dau Covid-19aren ondoriozko alarma egoereak, besteak beste, ariketa fisikoa egiteko moduak desbardinak dira orain, kalera kirola egiten urtetea debekatuta dagoalako. Konfinamenduan dagozan ikasleen artean ariketa fisikoa egiteko ohiturak zelan aldatu diran jakiteko, azterlan zabala gidatuko dau EHUk, beste hamabost unibersidade be parte-hartzaile dirala.
Hain zuzen be, Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Sarea, edo EXERNET, osotzen daben unibersidadeak dabiz proiektu honetan. EHUk zuzenduko dau azterlana, AgeingON taldearen bidez, baina ganerako hamabost zentroetako ikasleen datuak be jasoko ditue. Era horretara, miloe erdi gazteren inguruko informazinoa batzea espero dabe.
EHUko eta EXERNET sareko ganerako unibersidadeetako ikasleei online bialduko deutsiez galdetegiak. Hiru fase edo epe izango ditu azterlanak: Lehena, orain, konfinamendua martxan dagoan artean, egoera hau baino lehen eta bitartean ariketa fisikoari jagokozan ohituretan ze aldaketa egon diran jakiteko. Beste fase biak itxialdia amaitu eta hilabetera eta sei hilera izango dira, hurranez hurran.
Azterlanaren lehenengo faseko emoitzak udea baino lehen izango dituela aurreratu dabe EHUko kideek. Lehen emoitzakaz estrategiak proponidu geinkez, efektu kaltegarri posibleak leheneratzeko eta konfinamenduak eragin dituan ohitura onuragarri posibleei eusteko, azaldu dau AgeingON taldeko ikerlari nagusi Jon Irazusta katedradunak.
Azterlan hau parekorik bakoa da nazinoartean, ziurbakotasun aldi honetan unibersidade-ikasleek dituen ezaugarriakaitik, eta konfinamenduaren baldintzak gogorragoak izan diralako Espainian munduko herrialde gehienetan baino, jarduera fisikoa egiteari jagokonez, azpimarratu dau Irazustak. Espainiakoak dira EXERNET sareko unibersidade guztiak.
Batez be, aurrera begirako onurak ekarri leikiez azterlan honetatik ateratako ondorioek. Irazustaren arabera, emoitzei esker estrategiak diseinau ahal izango doguz ikasleak konfinamenduaren ondoren jarduera fisikoko ohituretara bueltau daitezan. Ganera, neurriak hartu ahal izango doguz, etorkizunean antzeko egoerak bizi behar badoguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!