Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak Maite Gurrutxagaren ilustrazino bat aurkeztu dau

Bizkaie! 2020-04-23 08:03   Kulturea

2019an, 2.744.226 mailegu egin ziran Sarean batutako liburutegietan.

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak Maite Gurrutxaga irudigileak egindako kartel bat aurkeztu dau gaur, hilak 24, dan Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Lan horretan, aldarrikatu nahi izan dau irakurketeari esker badagoala beste modu bat etxetik urten barik beste mundu batzuk bisitau eta ezagutzeko. Horrezaz gan, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak igazko balantzea ezagutzera emon dau: Konfinamenduaren ondorioz egunotan liburutegiek salbuespenezko egoerea bizi arren, euskal liburutegiek datu bikainak eskaini zituen 2019an; igaz, 2.744.226 mailegu egin ziran Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan (aurreko urtean baino 120.000 gehiago) eta, lehen aldiz, miloe bat erabiltzaile baino gehiago izan ziran: guztira, 1.036.217 erabiltzaile (aurreko urtean baino 41.038 gehiago).

Liburuak aurrez aurre mailegatzeko zerbitzua orain hilebete baino gehiago ia erabat eten zan arren, liburutegi-zerbitzu askok jarraitzen dabe eskaintzen gomendio-zerbitzuak, irakurketa-gidak eta mailegu digitalei buruzko dudak argitzeko bideak. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarera batutako liburutegi-zerbitzuek, gainera, irakurketarako gonbidapena egin nahi izan dabe Liburuaren Nazinoarteko Egunean Maite Gurrutxagak egindako ilustrazio bat erabiliz: Garrantzitsua iruditzen jatan bizi dogun egoerea islatzea eta azaldu nahi neban zelan badagoan beste modu bat etxetik urten barik beste mundu batzuk bisitau eta eta ezagutzeko, bizitekoa. Eta hori irakurketearen bidez lortu geinke, azaldu dau Gurrutxagak.


Mailegu digitalak

Liburutegi gehienek ez dabe formatu fisikoko liburuen mailegua eskaintzen, baina konfinamendua hasi zanetik eLiburutegiaren bidezko mailegu digitalak biderkatu egin dira. Zezeilean, konfinamenduaren aurretik, maileguak 190 eta 260 artean egunean baziran, azken asteetan egunero 1.000 eta 1.200 mailegu artean bideratzen dabiz.

Martia izan da eLiburutegiaren bidez mailegu gehien erregistrau diran hilea baina apirilean kopuru hori gainditu egin da eta eLiburutegiaren hilerik aktiboena izango da 2014ko zemendian abian jarri ebenetik (orain arte 22.000 mailegu baino gehiago egin dira apirilean; martian 18.539 egin ziran; zezeilean, 6.553; eta urtarrilaren, 7.571). ELiburutegiak eskaintzen dituan 20.000 tituluen artean, Dolores Redondoren La cara norte del corazón eta Karmele Jaioren Aitaren etxea dira gehien eskatutakoak.


2019ko balantzea

2019an, EAEko liburutegi gehienak batzen dituan Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak 2.744.226 mailegu izan zituan, aurreko urtean baino 120.000 mailegu gehiago eta 2017an baino 145.000 gehiago. Gainera, Sarearen erabiltzaileen kopuruak gora egiten jarraitu eban beste urtebetez; holan, 2019an, danetara 41.038 persona hurreratu ziran Euskadiko liburutegietara altea emoteko, eta lehen aldiz miloe bat erabiltzaile baino gehiago izan ziran (guztira, 1.036.217 erabiltzaile, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle bitik bat).

Liburutegien arteko maileguek be igoera nabarmena izan eben 2019an. 2018an, 96.959 eskaera egin ziran zerbitzu horren bidez, baina 2019an 120.000 mailegu baino gehiago egin ziran. Esangura horretan, azken urteetan izandako liburutegien arteko maileguen hazkundeagaz jarraitzen da; hau da erabiltzaileek gehien baloretan daben zerbitzua.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu eban Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Euskadiko liburutegi publiko guztiak batzeko, sinergiak sortzeko eta zerbitzuak hobetzeko. Sare hori batez be udal-titulartasuneko liburutegiek osotzen dabe, nahiz eta zerbitzu horretan udalaz kanpoko titulartasuneko beste batzuk be sartzen diran (Eusko Jaurlaritzea, Euskadiko Artxibo Historikoa, Habe, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma, Arabako Foru Aldundiaren menpeko liburutegiak...).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu