Kosta Trail ez da egingo 2020an

Bizkaie! 2020-04-22 13:44   Kirola

Bagilaren 14rako egon da iragarrita, baina bertan behera itxi dabe.

Parte-hartzaileen osasuna dala garrantzitsuena eretxita, Kosta Trail lasterketako antolatzaile eta babesleek aurtengo edizinoa bertan behera ixtea erabagi dabe. Martian izena emoteko epea atzeratu eben badaezpada, eta azkenean ikusi dabe Covid-19ak eragindako larrialdiak ez deutsela probea egiten itxiko, ez behintzat osasun berme guztiakaz.

Antolatzaileek azaldu dabenez, bagilaren 14an izan dira egitekoak Kosta Trail lasterketearen 15. edizinoa, baina hurrengo urtera arte itxaron beharko dabe korrikalari eta zaleek. Izan be, lasterketea atzeratu eta urteko beste momentu baten egitea baztertu dabe, urte amaieran atzeratutako kirol proba asko pilotuko diralako egitarauan. Beraz, 2021ean bueltauko da Kosta Trail Bizkaiko kostaldeko bidezidor eta aldatzetara.

Uribe Kostako parajeetan egiten da trail running erako lasterketa hau, eta urtero 5.000 bat parte-hartzaile erakarten ditu. Mendian korrika egitea maite dabenentzat sano erakargarria da Kosta Trail, naturea, paisaje ikusgarriak eta ibilbide gogorra buztartzen dituan ezkero.

Adoretsuenentzako 21 kilometroko lasterketa nagusia ez eze, badagoz lagunartean edo familian gozetako aukerak be: 20 kilometroko martxa luzea eta 7 kilometroko familiarra. Sopelako erdigunea da hiru modalidadeen hasierako eta helmugako lekua.

Alkartasuna eta jasangarritasuna dira Kosta Trailen oinarri nagusietako bi. Antolatzaileek ziurtatu dabenez, dagoeneko hurrengo edizinoa preparetako lanean dabiz, horreek printzipio biak gogoan eta sekula baino indar handiagoz bueltetako asmoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu