Artium Museoak #Loturak programea jarri dau martxan

Bizkaie! 2020-04-22 13:18   Kulturea

Ume eta familientzako bideo-lantegien bildumea da.

Artium Museoak etenbako jarduerea izan dau Interneten eta hainbat proposamen egin ditu, #ArtiumMuseoKonektatua hashtag edo etiketapean sailkatuta. Museoa erakusketakaz eta Museoaren Bildumeagaz lotutako edukiak aurkezten joan da bere sare sozialetan —Facebook, Twitter eta Instagram.

Orain, Loturak izeneko gure hezkuntza-proiektuan integrautako bideo sorta bat kaleratu dogu, etxean eta familian egiteko lantegiakaz. Artium.eus webgunean eta sare sozialetan jarraitu daitekez. Horrezaz gan, Museoak beste hiru proiektu bultzatuko ditu datozen egunetan #ArtiumMuseoKonektatua-ren barruan: #BildumabaterakoHashtagak, #LiburuarenEgunaArtiumen eta #DokumentazioZentroenTopaketakArtiumen.

Artium Museoak orain aste batzuetatik atontzen dabilen bideo-lantegien saileko lehena argitaratu dau bere webgunean, Vimeo plataforman eta sare sozialetan. Ume eta familientzat dira, Museoan eskola-programak eta jarduerak bertan behera ixteak gehien eragiten deutsen publikoarentzat. Lantegiak —Museoaren jardueren bereizgarri dan arte garaikideagazko loturea sendotzen dabenak— erraz egin daitekez etxean, etxeko esparruan erabilera arrunteko objektu eta tresnak erabilten baitira.

Lehenengo bideoa Argi-laborategia, 2 urtetik aurrerako umeentzat da. Eulàlia Valldoserak bezela argian eta itzaletan oinarritutako lanak egiten dituen artistek landutakoagaz lotuz —adibidez, Habitación (1996), Artium Museoaren Bildumakoa—, bideoan laborategi txiki bat sortzea proponiduten da, objektuak argi-foku baten aurrean jarri eta sortzen diran forma, kolore eta argi-efektuakaz eta sortu daitekezan narrazinoakaz esperimentetako. Artium Museoak lantegi birtualok argitaratzen jarraituko dau astero. Aldi berean, lantegia egiten dabenek produzidutako material dokumentalen bildumatxu bat argitaratuko da, erabiltzaileek helarazotako argazki eta bideoakaz.

Bideo-lantegien bilduma hau Artiumeko Hezkuntza Sailak diseinautako proiektua da, edade tarte eta eskola-maila batzuk eta besteak kontuan hartuta, eta Museoagaz eta Sedena kultura-zerbitzuen enpreseagaz lankidetzan dabilen hezitzaile-taldearen parte-hartze aktiboa dau.


#BildumabaterakoHastagak

Datozen egunetan abian jarriko dan beste proiektuetako bat da. Artium Museoaren Bilduma funts erreferentziala da arte garaikidearen esparruan eta artearen ikertzaile eta profesionalen interesekoa da. #BildumabaterakoHastagak atalean Museoko kolaboratzaile, artista eta publikoek Bildumako lan bat aukeratu eta bideo batean etiketa batzuk proponiduten ditue gure sareetan konpartiduteko.

Sail hau Aingeru Torrontegiren, Museoko publikoen eta adiskideen arduradunaren, eta Ana Arregi irakasle eta idazlearen bideoakaz hasten da. Aingeru Torrontegik Juncal Ballestinen obra bat aukeratu dau eta horren lana laster ikusiko da Artiumeko aretoetan; Ana Arregik, barriz, Itziar Okarizen lan bat aukeratu dau. Artista honek lan garrantzitsuak ditu Museoaren Bilduman eta ikusgai dago joan dan zezeilean inaugurautako Zeru bat hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian erakusketan.


Liburuaren Nazinoarteko Eguna eta Dokumentazino Zentroen Topaketak

Liburuaren Nazinoarteko Egunaren ospakizunagaz batera, Museoko Liburutegiak eta Dokumentazino Zentroak bookcrossing ekimen bat sustatu dau beste urte batez. Aurten, ekimen horrek izakera birtuala izango dau eta, horretarako, Estadu osoko ia 40 museok bideo komunitario bat konpartiduko dabe apirilaren 23an, sare sozialetan eta bakoxtzak liburu bat irakurtea gomendatuko dau. Artiumek Juan Luis Morazaren Gordailua 1987-1988 Depósito erakusketearen katalogoa aukeratu dau, joan dan urtarrilean argitaratua.

Gainera, Museoak Arte Garaikideko Dokumentazino Zentroen Topaketen aurreko edizinoetako txostenak, aurkezpenak eta bideo-grabazinoak argitaratuko ditu aldian-aldian. Arlo horretako profesional ezagunak batzen dituan urte birik behingo topaketa horreek 2002an hasi ziran Artiumen.

Proposamen horreek danak #ArtiumMuseoConectado proiektuaren parte dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu