Igor Arzuagaren 'Menditik jaitsi ginen' plazan
2020-04-20 13:16 MusikeaHerri musika tradizionalaren melodiak eta erritmoak hizkuntza musikal urbanora eroan ditu Arzuagak.
Egia da Arzuagak aspalditik dauela berezko soinu bat, kantuak sortzeko eta abesteko estilo zehatz bat, haren disko bilduma zabala ezagutzen dauenak erraz atzemon leikena. Baina disko bakotxean ñabardura barriak gehitzen deutsoz bere kantugintzeari eta aldian aldiko musikarien ekarpenek Arzuagaren abestien irakurketa ezbardina ahalbidetzen dabe.
Hori beharbada inoiz baino agirikoagoa da Menditik jaitsi ginen diskoan, aurreko lanetako hainbat kantu barriro grabau dituan musikari arabarrak instrumentazino ezbardin bategaz janzteko. Lehen aldiz, hirukote formatura jo dau Arzuagak, jazz hirukote formatu klasikora hain zuzen be —pianoa, bateria eta kontrabajua, tarteka tekladuak be bai—, eta horretarako Hasier Oleaga (bateria)) eta Victor Gomezen (kontrabajua) laguntzinoa ezinbestekoa izan dau. Aurreko diskoetatik zazpi kantu berreskuratu ditu Arzuagak: Paris, Edurretan eta Jota Argi izpi bat diskotik (2002) hartu ditu; Suge ilunak eta Gorbeia, Smog (2004) diskotik; Ilargi gorria Unibertsoa gu diskoan agertu zan (2008); eta Luis Vilegaz ondutako Mara mara diskotik (2011), Nire aberria erreskatau dau. Alde horretatik, Arzuagaren ibilbidearen zati bat laburbatzen dauen bilduma legez uler daiteke Menditik jaitsi ginen baina disko barri baten indarra dau aldi berean, izan be, kasu gehienetan jatorrizko interpretazinoa gainditzen dau bersino barriak, urteakaz Arzuagak musikari eta abeslari legez izan dauen eboluzinoaren seinale. Heldutasun artistikoaren froga ditugu hiru konposizino barriak be: Arin arin, piano hutsezko Amaiera eta Arzuagaren alderdirik heterodoxoena erakusten deuskun Mehatzariena.
Diskoaren izenburuak eta azalak iradokitzen dabenez, herri musika tradizionalaren melodiak eta erritmoak hizkuntza musikal urbanora eroan ditu Arzuagak. Arin arin, Mehatzariena edota Jota lako konposizinoetan atzemon daiteke musika herrikoiagazko hurrekotasuna. Beste batzuetan, abestien pop izakereari eusten deutso jantzi akustiko baten barruan (Suge ilunak), baina gehienetan Arzuagaren konposizinoetako uniberso musikal besterezina nagusitzen da (Edurretan, Nire aberria, Paris, Gorbeia).
Igor Arzuagak 90eko hamarkadan emao zituan lehen urratsak musikari lez. Exkixu taldeko kidea izan zan eta Mikel Urdangarinen lehen diskoetan parte hartu eban. Mende honen hasieran bakarkako ibilbideari ekin eutson eta orain arte bederatzi disko argitaratu ditu, bere izenpean edota Mara ezizena erabiliz. Era berean, disko bat kaleratu dau Larrepetit taldeagaz. Euskal musika eszenako sortzaile bikain horreetako bat da.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!