Bizkaiko Elikagaien Bankuak apirilaren 21ean ekingo deutso jarduereari

Bizkaie! 2020-04-20 10:11   Pil-pilean

Enpresa handizkarien elikagai-soberakinak jasoteko puntu nagusia izango da barriro be.

Bizkaiko Elikagaien Bankuak apirilaren 21ean, martitzenean, ekingo deutso barriro Mercabilbaoko instalazinoetan dauen biltegiko jarduereari, azken asteetan zarratuta egon ondoren, COVID-19 pandemiaren aurrean ezarritako konfinamenduaren ondorioz. Goizeko 08:00etatik aurrera, 7 boluntario soberan geratu diran elikagaiak batzeaz eta ondoren sailkatzeaz arduratuko dira, behar gehien daben personen artean banatzeko.

Azken egunetan, Alkarteari itxitako lokala desinfektetako protokoloa jarri dau martxan Mercabilbaok, gaur egun ezarritako osasun arloko segurtasun neurriak bete eta boluntario taldearen osasuna babesteko. Holan, Bizkaiko Elikagaien Bankuko biltegia garbitzeko lanak martiaren 15etik hornidurea merkatuko instalazino guztietan zorrotz ezarritakoei gehitu jakez.

Datorren apirilaren 21etik aurrera, Bizkaiko Elikagaien Bankua izango da barriro be handizkako enpresen elikagai-soberakinak jasoteko gune nagusia, izan be, alkarteko boluntarioek sailkatu ondoren, arinago banatzen dira ohiko jomugen artean, jantoki sozialetan eta laguntza-zentroetan, besteak beste.

Konfinamendu aldian, Bizkaiko Elikagaien Bankuak bere gainerako egoitzetatik banatu ditu martirako eta apirilerako aurreikusitako elikagai guztiak. Gainera, gaur egun, osasun alarmearen ondorioz diru-sarrera barik geratu diran personen larrialdi sozialak artatzen ditue; beraz, Mercabilbaoko biltegia edegitea ezinbestekoa da premina handiena daben persona guztiei elikagaiak eroaten jarraitu ahal izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu