2020ko Bermeoko Arrain Azokea bertan behera geratu da

Bizkaie! 2020-04-20 07:45   Pil-pilean

Azokea Azoka Birtual bihurtuko da maiatzaren 18tik 24ra.

2020ko Arrain Azokea ez da normalean ospatzen dan legez ospatuko, izan be, Covid-19ak sortutako osasun krisiak milaka lagun batzen dituan ekimen berezi hau bertan behera ixtea ekarri dau; halan da be, Arrain Azoka Alkarteak (Bermeoko Udala eta sektoreko enpresek osotzen dabena) asteak daroez lanean aurtengo Arrain Azokea egungo egoerara moldatu eta bere espirituari eutsi eta arrantza sektorea eta izakerea balioan jarriz, ekimen hau aurten be egitea.

Ez da erabaki erraza izan, baina ez da beste erremediorik egon, izan be, bizi dogun alarma egoereak ez dau aukerarik emon Azokea egiteko; beraz, Arrantza sektorearen asteburua bertan behera itxi behar izan da, behintzat, danok ezagutzen dogun betiko formatuan. Baina Arrain Azoka Alkarteak ez eban gura urte hau holan itxi eta aspaldion gogor lanean ibili ostean, Azokea beste era batera egitea erabagi dabe aho batez:

Formatu aldaketea:

Ezin badira postuak kalean ipini, eroan daiguzan postuak etxeetara. Bada, idea horri tiraka, Arrain Azokea, Arrain Azoka Birtual bihurtuko da aurten. Egoera barriak konponbide barriak emotea ekarri dau, baina betiko espirituai eutsiz. Azoka Birtualak helburu bi izango ditu: Arrain Azokeak danon egutegietan jarraitzea eta sektoreko enpresei erakusleiho garrantzitsua emon eta negozio aukera barri bat eskaini, hau da, Azoka Birtuala erosketak bideratzeko leku izango da. Gainera, hiru egun zabalik egon beharrean (aurtengo edizinoa maiatzaren 22, 23 eta 24ean egitea aurreikusita egoan), maiatzaren 18tik 24ra edegita egongo da.

Arrain Azokeak, gainera, webgune barria estreinau behar eban aurten eta holan izaten jarraituko dau: Webgune barriak, Azoka Birtuala izateaz gan, beste gauza asko eskainiko deutsoz bisitariari: barriak, urteetan zehar emondako hegaluze sariak, erronka garbiaren gaineko informazinoa, solidaritza gunea, babesleen eta kolaboratzaileen izenak, aurreko urteetako egitarauak, urte guztietako kartelak, argazki eta bideoak... guztia helbide honetan: www. bizibermeo.eus/arrainazoka

Betiko Arrain Azokeak beste aukera asko eskaintzen ditu: Bermeoko komertzio eta ostalari askorentzako oso egun garrantzitsuak dira, milaka lagun batzen baitira herrian. Nahiz eta Azoka Birtualak ez dauen ezelan be betikoa % 100 ordezkatuko -ez behintzat ikuspuntu honetatik begiratuta- inpaktu negatiboa txikiagoa izan daiten saiatuko da formatu barri honi esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu