Jose Mari Uriarte Astarloa Gerediaga Alkarteko kidea hil da
2020-04-20 07:50 KultureaGizon nekaezina, ekina, zorrotza, isila eta eskuzabala. Holakoa zan Jose Mari.
Apirilaren 22an, 65 urte betetzear zituala hil da, apirilarenk 17. Minbiziari ezin izan deutso aurre egin eta bera zan moduan, zarata atera barik, hil da.
Gizon diskretoa izan da beti, kamera eta fokoen aurrean gitxi agertzen danetakoa. Nahiago izaten eban berak kamerea eskuan izatea. Eta ekina, Gerediaga Alkartean eta Durangaldean aurrera eroandako ekimen ugaritan ibili da sustatzaile edo laguntzaile eta gehienetan itzalpean – berak holan gura ebalako -.
Ogibidez maisua – Zaldibar, Berriz, Iurreta eta Durangon -, afizinoz argazkilari, historiazale eta idazlea. Mendia, trenak, argazkilaritzea eta Durangaldeko eta Durangoko historia ziran haren denpora libreko ordu gehienetarako gaiak.
Gerediaga Alkartean 80ko hamarkadan hasi zan. Karguetatik eta urrun beti, ekarpena zenbatu ezina izan da alkarteko ekimen guztietan. Jon Irazabalegaz batera, Durangaldeari buruzko dokumentazinoa batzen, alkarteko argazki artxiboaren antolaketan, sasoi bateko Durangoko Azokako kartelen aukeraketan (1984. urtekoa berea izan zan), edota azken 13 urteetan Astola aldizkariko lantaldean.
Ikerketa asko egin ditu: trenak, argazkigintzea eta Durangoko historia izan dira haren ikerketa gai nagusiak, horreetako asko argitaratu be egin ditu, Gerediaga Alkartearen edota Durangoko Museoaren laguntzinoagaz.
Hiru lan nabarmentzen dira egindako guztietatik: Pablo Pedro Astarloari buruz argitaratutako biografia eta argazkigintzeari buruzko Minuteros: kale-argazkilariak eta Argazkigintzea Durangon XIX.mendean.
Herrigintzatik Durangoko hainbat ekimenetan parte hartu dau, izan be, 1979-1981 urteen artean Ibaizabal aldizkariko erredaktore eta arduradun, Alpino Mendi Taldeak argitaratzen dauen Katazka aldizkarian be hainbat artikulu idatzitakoa da eta Madalena auzoko jaietan argazki zaharren erakusketearen antolatzaile be bai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!