Barakaldoko Baffest urrian egingo dabe

Bizkaie! 2020-04-16 12:24   Kulturea

Edizinoko zortzi finalistak dagoeneko aukeratu ditu epaimahaiak.

Osasun alorreko krisialdia hitzordu kulturalak bertan behera itxi edo atzeratzera behartzen dabil asteotan. Barakaldoko Baffest jaialdiaren 5. edizinoari be eragin deutso Covid-19 gaixotasunak, ze urrian egin beharko dabe, eta ez maiatzean. Barakaldoko Udalak eta Fotopop alkarteak gaur emon dabe atzerapenaren barri.

Emakumezko argazkilarien obreari eskainitako jaialdia urriaren 1etik 31ra egingo dabe, aurretik iragarritako egitarauari eutsita. Euskal Argazkilari Barrien Lehiaketara 55 artista aurkeztu dira, igazko bikotxa, eta antolatzaileek ez dabe horren deialdi arrakastatsua ezebezean itxi nahi izan. Hartara, ez dabe 5. edizinoa bertan behera itxi, urrira atzeratzeagaz nahikoa izango dala uste dabe.

Horren guztien artean, epaimahaiak dagoeneko aukeratu ditu Baffesten parte hartuko daben zortzi finalistak: María Azkarate, Leire Zabaleta, Yone Estivariz, María Sánchez, Eider Moreno, Maied Urrutia, Miren Barrena eta Ana Martín, danak be talentu eta etorkizun handidun emakume argazkilariak. Epaimahaian Eneka Fernández, Itziar Bastarrika, Ixone Sádaba eta Roberto Villalón egon dira.

Lehiaketearen arduradun Nagore Legarreta pozik dago aurten aurkeztu diran parte-hartzaileen lanen kalidadeagaitik, eta urtetik urtera argazkilari gazte gehiago apuntetan dirala nabarmendu dau: Indartu egiten gaitu, jaialdiaren helburua Baffest komunidadea hazten joatea dalako, gure artean sareak sortuz. Lehiaketea baino, topalekua da.

Igazko irabazle Aitziber Orkolagaren argazkiak Barakaldoko Hizkuntza Eskolako lorategian ipini zituen zezeilean, aurtengo edizinoaren aurrerapen legez. Urrian, jaialdia hasten danean, izen handiko argazkilarien lanak be ikusi ahal izango dira herriko gune publikoetan, Argazkilari Barrien Lehiaketako finalistenakaz batera.

Emakume argazkilarien lana ikusgai bihurtzea da Baffesten helburu nagusia, bardintasuna eta danentzat eskuragarri dagoan kulturea oinarri. Aurreko lau edizinoetan udabarriko loren moduan heldu da Baffest Barakaldora, baina bosgarren honetan udagoienera itxaron beharko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu