Egun biko greba digitala egingo dabe euskal kulturgileek
2020-04-15 11:17 KultureaApirilaren 21 eta 22an ez ditue euren sorkuntzak sarean zabalduko.
Kulturgintzearen egoerea lehendik txarra izan dan arren, Covid-19aren krisiak larriagotu eta azaleratu egin dau arazoa, sortzaile askoren pazientzia agortzeraino. Kulturearen balioaren inguruko gogoetea bultzatu eta erakunde publikoen babesa eskatzeko, grebea egingo dabe apirilaren 21 eta 22an. Ezinbestean greba digitala izango da, itxialdiagaitik ezin dalako jente aurreko ikuskizunik antolatu. Hau da, egun horreetan bietan deialdiagaz bat egin dabenek ez dabe internet bidez euren lana zabalduko, ez zuzenean ez grabazinoen bidez.
Dagoeneko ehundazak euskal kulturgilek egin dabe bat grebeagaz, horreetako asko punta-puntakoak: Musikariak, idazleak, aktoreak, zinemagileak, jantzariak, bertsolariak... Sortzaileen alkarteak, kultur taldeak, aretoak, kudeatzaileak eta halakoak be badagoz zerrendan. Bat egiteko deia zabalik dago, eta hazten doa ekimena. Zerrendea hemen.
Itauna bota dabe: Kulturgilerik egongo ez balitz ze hutsune geratuko litzateke? Isildu egingo dira, teloia bajatuko dabe, desagertu. Era horretara, gizarteak eta agintariek entzun eta ikusiko dituelakoan dagoz. Konfinamenduagaitik greba digitala izango da, baina egoerea bere onera bueltetan danean ez dabe baztertu beste protesta batzuk egitea.
Batez be, euskal kulturgintzea babesteko neurri eraginkor eta preminazkoak eskatzen ditue, baita kulturea beste modu baten ulertzeko bidea zabaltzea be. Itxialdiagaitik estu eta larri dabiz sektoreko artista eta alkarte asko, eta egoera hori arintzeko laguntzinoa ez eze, konfinamenduaren osterako neurriak be behar dirala adierazo dabe. Kultur arloko paradigmea goitik behera aldatzea da asmoa.
Erakunde publikoen eta kulturgileen mahai tekniko bat sortzeko beharra ikusten dabe grebearen sortzaileek, helburu estrategikoak zehaztu eta horreek beteteko pausuak adosteko. Instituzino askoren jarrerea txarretsi dabe sortzaileek, gaia arinkeriaz hartzen dabelako, kulturea entretenimendu hutsa balitz legez.
Eusko Jaurlaritzeari, Nafarroako Gobernuari, Euskal Hirigune Alkargoari, foru aldundiei eta udalei bialdu deutsie mezua. Orain arte, udal batzuek baino ez dabe erantzun, deitzaileen arabera. Edozelan be, parte hartzeko eta proposamenak bialtzeko eskatu deutsie instituzinoei, alde bakarreko erabagiak ahaztu eta kulturgileakaz aurrez aurre jesarteko.
Aldarrikapena sinatu daben sortzaileei zein sektoreko ganerako kideei be aktibazinorako deia egin deutsie. Greba honetaz harago, eta itxialdia amaitzen danean, alkarlanean ekinean segitzeko deia da. Hain zuzen be, konfinamenduaren ostean danen arteko topaketea antolatuko dabela ziurtatu dabe deitzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!