Durangoko establezimenduek bono-txartelak atera ditue

Bizkaie! 2020-04-15 09:03   Pil-pilean

Negozio txikiak babesteko sortu dabe Durangoko Zaindu ekimena.

Durangoko Udalak eta Dendak Bai alkarteak bat egin dabe Durango Zaindu plataformea martxan jarteko. Internet bidez erosi leitekez establezimenduen bono-txartelak orain, eta konfinamendua amaitzen danean erabili ahal izango dira. Era horretara, alarma egoerea eragiten dagoan estualdi ekonomikoari aurre egin ahal izango deutsie merkatari, ostalari eta beste zerbitzuek.

Izan be, euren lokalak zabaldu ezinda dagoz horreetako asko, itxialdiaren erruz, eta ez daukie dirurik gastuei aurre egiteko. Bonoak erosita, kontsumitzaileek dirua aurreratuko deutsie negozio txikiei. Persona bakotxak nahi beste bono erosi leikez, nahi dauen komertzio edo zerbitzuetarako. Konfinamendua amaitzen danean gastau ahal izango ditu, abenduaren 31 baino lehen.

Dendak Bai alkarteak azaldu dauenez, ekimen honen bidez Durangoko establezimendu txikien etorkizuna ziurtatu nahi dabe, Covid-19k ekarritako oztopoak gainditzeko bultzadea emon. Alkarteko kide ez diran establezimenduek be hartu leikie parte Durango Zaindu plataforman, antolatzaileei abisauta.

Bono-txartelak erosi nahi dituen kontsumitzaileek Durango Zainduren webgunera jo behar dabe. Behin erregistrauta, dendea, tabernea edo zerbitzua aukeratu, eta bonoak erosi ahal izango ditue, nahi beste eta nahi daben preziokoak (10, 20 eta 50 eurokoak dagoz). Gastautako dirua berehala helduko jako hautatutako komertzioari, eta erosleak froga agiria jasoko dau helbide elektronikoan.

Erositako bonoak aukeratutako denda, taberna edo zerbitzuan erabili ahal izango dira, itxialdia amaitzen danean. Froga agiria eta NANa erakutsi beharko ditu kontsumitzaileak. Abenduaren 31ra arteko balioa dabe bonoek, beraz adi ibili behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu