Bizkaian, Covid-19ren informazinoa emoteko webgunea martxan
2020-04-08 13:47 Pil-pileanLan soziala, zergak, ekonomia, zerbitzu publikoak eta herritarren arretea jorratzen dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak webgune berezia ipini dau martxan, Covid-19 gatxaren ondorioz sortzen dabilen informazinoa batu eta herritarrei modu erraz eta bateratuan eskaintzeko. Apirilaren 6tik dago sarean, eta euskerazko zein gaztelaniazko bersinoak ditu. Informazino egiaztatu eta eguneratua dala ziurtatu dau Foru Aldundiak.
Webgune berezirako loturea hemen.
Helburua da gaur egungo egoerea ezagutzera emotea, baita sail eta zerbitzuetan egiten diran aldaketak be. Interesdunek jakin ahal izango dabe tributuen arloan onartutako azken aldaketak zeintzuk diran, sail eta foru soziedade guztietako programa eta deialdiak zelan egokitu diran, eta ezohiko aldi honetan Aldundiak abiatzen dituan ekimenak be kontsultau ahal izango dira.
Era berean, herritarren eskura dagozan zerbitzuen ganeko informazinoa emoten dau Foru Aldundiak webgunean, horreetako askotan murrizketak edo egokitzapenak eragin ditualako osasun egoereak. Esate baterako, Bizkaibusen lineak eta ordutegiak begiratu leitekez webguneko atal baten. Kulturearen alorrean, Bizkaiko museoak itxita dagozan arren, etxetik ikusteko eta egiteko jarduerak antolatu ditue.
Webgune barrian hainbat kanal edegi ditue herritarrakaz bat egiteko, jenteak proiektuetan parte hartu ahal izan deian: Boluntarioen sarea, gizarte-zerbitzuen alorra, ikasleentzako enplegu bereziko poltsea eta abar. Bestetik, adinekoen egoitzetako informazinoa egunean-egunean emongo dau webguneak, ardura handiena sortzen dauen atala dalako, orain arte egon diran kutsatzeak eta heriotzak kontuan hartuta.
Ainara Basurko Ekonomia sustatzeko foru diputaduak azaldu dauenez, ziurbakotasun handiko asteak dira, eta Bizkaiko Foru Aldundian lanean dihardugu erantzuna emon ahal izateko ehun ekonomiko eta enpresarialaren kezkei. Norbanakoak be ez ditue ahaztu, batez be bazterketea sufriduteko arriskuan dagozanak. Enplegu eta Gizarte Inklusino arloetako foru diputadu Teresa Laespadaren esanetan, kontingentzia plan bat lantzen dabiz enpleguaren arloan. Programa ausartak eta irudimentsuak behar dirala dino.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!