MU-k on line amaituko ditu ikasketa ofizial guztiak

Bizkaie! 2020-04-08 09:42   Pil-pilean

UPV/EHUk eta Deustuko Unibersidadeak be bat egin dabe erabagiagaz.

Koronabirusaren pandemiak sortutako egoera bereziak 2019-2020 ikasturtean eragindako astrapalea dala-eta, Estaduko Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzearen alarma-egoeraren eta osasun-larrialdiaren adierazpenen ondorioz, irakaskuntza-jarduera presentziala eteteko aginduaren ondorioz, Mondragon Unibersidadea online jorratzen dabil irakaskuntza-jarduera osoa. Lehen hiru asteak online erakusten eta ebaluetan emon ondoren, balorazinoa ona da.

Datozen asteetan, amaitu daiteke Eusko Jaurlaritzeak adierazotako osasun larrialdiko egoerea, baina leitekana da eskolak emotea eta aurrez aurreko ebaluazinoak egitea ahalbidetzen ez daben neurriei eustea; horren aurrean, gure ikasleei lasaitasun-mezua helarazoteko eta egungo ziurbakotasun-egoereari aurre egiteko, bart egoerea aztertzeko Euskal Unibersidade Sistemako errektoreek eta Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak egin daben bilerearen ondoren, Mondragon Unibersidadeak 2019-2020 ikasturtetik geratzen diran graduko eta masterreko unibersidade-ikasketa ofizial guztiak online modalidadean amaitzea erabagi dau, baita ebaluazinoak be, programautako ikasturtearen amaiera-datak errespetauta.

Kontuak kontu, Hezkuntza Sailak, UPV/EHUk, Deustuko Unibersidadeak eta Mondragon Unibersidadeak adierazpen bateratua sinatu dabe, besteak beste, urrutiko prestakuntzea (online) bultzatzea adostu dabe, baina jarduera presentziala baztertu barik.

Eusko Jaurlaritzeak eta euskal unibersidadeek berretsi dabe ikasle bakar batek be ez dauela ikasturtea galduko koronabirusaren erruz.

Osasun eta lan-egoerak ahalbidetzen dauen momentuan, ikasleak enpresa eta erakunde kolaboratzaileetara bueltauko dira eta, kasu bakotxean, praktikak, prestakuntza duala, gradu-amaierako lanak (TFG), master-amaierako lanak (TFM) eta bestelakoak 2019-2020 ikasturtean amaitzeko behar diran egokitzapenak zehaztuko dira. Testuinguru barri horretan, orain inoiz baino gehiago, unibersidadeek eutsi egiten deutse personea ardatz dauen eta ebaluazino jarraituan oinarritutako ikaskuntza-ereduari; horretarako, ariketak, proiektuak, talde-lanak, banakako lanak eta bestelakoak egin eta ebaluetan dira (orain online modalidadean) eta hezkuntza ereduagaz koherenteak diran beste ebaluazino-proba batzuk be eginez.

Gaur egun online lantzen gabizen jarduerak, berbarako, profesionalentzako prestakuntzea, ikerketea edo transferentzia, aurrez aurre eskaintzen hasiko gara, osasun-egoereak ahalbidetzen dauen neurrian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu