Liburuen sektorea baragarri
2020-04-08 07:55 KultureaLiburuarena da gure herriko lehen industria kulturala.
2008ko krisialdian, eragin negatibo handi bat izan eban sektoreak: fakturazinoa % 35 inguru bajatu zan eta ordutik ez da suspertu. Argitaletxeen kasuan, % 27koa izan zan salmenten beherakadea. Euskal argitaletxeek hizkuntza ofizial bietan argitaratzen dabe eta horreetako bat erabateko desabantailan dago, gitxiengoan, eta, horregaitik, jarraikortasun eta garapen-egoera larrian.
COVID 19k aurten sortu dauen krisiak eta ondorengo alarma-egoereak galera gehiago ekarriko deutse liburuaren balio-kate osoari: egile, inprenta, argitaletxe, banatzaile zein liburu-dendei. Lehen kalkulu bat eginda, ikusten da % 25koa izan dala berez nahikoa txarto egoan azken urteko salmenten gaineko murrizketea. Gure autonomia-erkidegoan 32 miloe euro ingururi buruz gabiz, eta konfinamendua luzatuta 50 miloe baino gehiagora be heldu daiteke kopuru hori.
Badakigu jakin, Euskal Editoreen Alkartea eta Gremio de Editores de Euskadi erakunde danakaz eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailagaz alkarlanean jardun behar dogula, eta, barriro be, prest gagoz lankidetza horri ekiteko. Azpimarratu nahi dogu, egoera honen ondorio negatiboak arintzeko asmoz, laguntzak prisa handikoak dirala; ezin dira atzeratu, denporan luzatzeak ondorio katastrofikoak izango leukezalako sektorean.
Egun bizi dogun egoerea erabagigarria da eta, egoera honetatik urtetan badogu be, ezingo gara aurreko egoerara bueltau; datorren egoerea askoz okerragoa izango da, bildurrez eta penaz dinot, bizirik iraun leikienentzat. Herri honen kultura etorkizuna dago jokoan, euskereari jagokionez batez be. Jarraituko dogu, akaso, Basque Country izaten, baina euskera hutseko murgilketea ezin pobreagoa izango da.
Euskal Herriko argitaletxeetan zuzenean lan egiten daben personen harian, 2008an, 570 pertsona ziran eta, krisiaren ondoren, 459 persona dabiz beharean, % 20 inguru gitxiago. Laguntzino barik, zenbat geratuko ete dira oraingo krisi honen ondoren? Seguruenik, beste % 20 bat gitxiago.
Gauza bera jazoten da sektore honetan zeharka lan egiten daben personakaz be (itzultzaileak, marrazkilariak, maketagileak, diseinatzaileak, etab.), 2008an, 400 persona inguru ziran, eta momentu honetan 320 dira.
Egoereari aurre egitea ez da erraza baina, besteak beste, ondokoak eskatzen doguz: % 25eko igoerea literatura-argitalpenetarako laguntzetan, bai gaztelaniaz bai euskerazko argitalpenetan, liburuen mailegu solidarioko programea, familiei zergak arintzea testuliburuak erosteagaitik, irakurketearen publizidade-kanpainak, erosketak ikastetxeen inguruko liburu-denden bitartez egin daitezala eskatzen gabiz eta sortu deiela liburu-bonu bat, Eusko Jaurlaritzeak badau-eta dagoeneko aurreko krisiaren esperientzia.
Euskal Autonomia Erkidegoko agintari guztiengana jo dogu, neurriok modu koordinatuan ezarri daitezan.
Beste alde batetik, konpensazino-neurrien artean, ondokoak nabarmendu daitekez:
- Liburuaren balio-kateko enpresek eta autonomoek (argitaletxeek, liburu-dendek, banatzaileek) Gizarte Segurantzan egin beharreko kotizazinoa etetea osasun-egoerearen ondoriozko neurri murriztaileekirauten daben bitartean.
- Enplegu-erregulazinoko espedienteei edo EEEei heltzeko erraztasuna osasun-larrialdiko egoerak eragindako neurri murriztaileek dirauten bitartean.
- 2,5 miloe eurorainoko kreditu-lerroa edegitea liburuaren sektorerako, Eusko Jaurlaritzearen abalakaz, interesik barik, liburu-dendetarako, banaketarako eta argitaletxeetarako, krisi ekonomiko sakoneko testuinguruan etorkizunari aurre egin ahal izateko.
- Laguntza publikoak justifiketako epeak zabaltzea zein diruz lagundutako ekintzak lantzeko aldia luzatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!