EHUk 102 master eskainiko ditu datorren ikasturtean

Bizkaie! 2020-04-07 11:06   Pil-pilean

Izena emoteko epea zabalik dago maiatzaren 22ra arte.

Zabalik dago 2020-2021 ikasturteko EHUren masterretan izena emoteko epea, unibersidade publikoak azaldu dauenez. Aukera zabala dabe ikasleek, bai masterren kopuruaren aldetik (102), bai jakintza arloen aldetik be: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, Injinerutzea eta Arkitekturea, Osasun Zientziak, eta Zientziak. Aurrematrikulea egiteko epea maiatzaren 22an amaituko da.

Kalidadeaz arduratzen diran bertoko zein Europako agentzien oneretxia dabe EHUren masterrek, eta horrek goi mailako prestakuntzea dakarrela dinoe unibersidadeko arduradunek. Horrezaz gan, nabarmendu dabe ikastaroak prezio publikoetan eskaintzen dirala eta profesional espezializaduak dabizala master bakotxa diseinetan eta klaseak emoten.

Hurrengo ikasturterako nobedadeen artean, lau master barri dagoz: Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia; Hizkuntzearen eta Komunikazinoaren Teknologiak; Ingurumen Injinerutzea eta Kudeaketea; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzea. Azken hori online izango da.

Graduondoko ikasketen eskaintzan unibersidade arteko zein nazinoarteko master ugari topauko ditue ikasleek, eta zortzi titulazino Erasmus Mundus dalakoaren barruan dagoz. EHU da Erasmus Mundus Europar Batasunaren kalidadezko zigiludun master gehien eskaintzen dituan zentroetako bat Espainian.

Era horretara, EHUko arduradunek azpimarratu dabe euskal ikasleek espezializazino maila altua lortu leikiela etxetik hur, eta prestakuntzearen zati bat atzerriko unibersidadeetan egiteko erraztasunak izango dituela, ikasleen mobikortasuna finantzatzen daben erakunde programen bidez.

Ganera, EHUk ikasleak kontaktuan jarten ditu zentro teknologiko, enpresa, erakunde eta ikerketa-taldeakaz. Ikasleek enpresetan praktikak egiteko aukerea dabe, edo I+G+b zentroetan. Unibersidadearen eta beste erakunde batzuen bekak eta diru-laguntzinoak eskuratu leikiez.

2020-2021 ikasturteko masterrak hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu