Ondarroako Antxoa Egune ez da egingo aurten

Bizkaie! 2020-04-07 08:48   Pil-pilean

Aste Santurako, ostera, etxetik gozetako egitarau betea dakar Udalak.

Maiatzaren 16an izan da egitekoa Antxoa Egune, baina Ondarroako Udalak bertan behera laga behar izan dau, Covid-19 gaixotasunaren inguruko neurriek ez dabelako jaia ondo antolatzeko bermerik emoten. Eguna heltzen danerako, larrialdi egoerea arinduta egon leiteke, baina, halandabe, gogoan izan behar da herritar eta bisitari ugari batzen dirala herriko kale eta moiletan, eta osasun baldintza egokiak betetea ezinezkoa izango da, Aritza Aristondo zinegotziaren arabera.

2020ko edizinoa behin betiko itxi dabe bertan behera, hau da, ez dabe aurrerago egitea pentsau. Antxoa Egune antxoa sasoian ospatu beharreko jaia da, hori da bere oinarria. Arrantzaleak ez dagoz antxoatan eta herritarrak be ez dagoz kalean, azaldu dau Aristondok. Hortaz, 2021ekoaren zain geratu beharko gara.

Hori baino lehen, apirilaren 9tik 13ra, egitarau potoloa antolatu dau Udalak Aste Santurako. Jakina, alarma egoerea eta itxialdia errespetau behar dira, eta, hortaz, etxetik disfrutetako moduko ekintzak izango dira guztiak: Umeentzako ipuinak eta abestiak, kirol entrenamenduak, DJak, ume zein helduentzako pintxoak, bakarrizketak… Udalaren sare sozialetatik helduko da hori guztia herritarren etxeetara.

Esate baterako, hilaren 11n, tanborrada berezia egingo dabe leiho eta balkoietatik, 20:05 inguruan, txaloen ostean. Radixu Irratiak ipiniko dau musikea, eta herritarrei parte hartzeko deia egin deutsee, sukaldeko egurrezko tresnak hartu eta tanborra jo deien. Ikusi egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu