Euskal unibersidadeek euren autonomiaren alde egin dabe

Bizkaie! 2020-04-03 08:47   Pil-pilean

Koronabirusagaitik ikasle bakar batek be ez dauela kursoa galduko dinoe.

Mondragon Unibersidadeko ikasle bat (argazkia: MU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Espainiako Unibersidade Ministerioaren eta erkidegoetako hezkuntza arloko arduradunen arteko batzarra egin dabe bideokonferentziaz, Covid-19 gaixoaren larrialdiak ikasturtearen amaiereari zelan eragingo deutsan aztertzeko. Besteak beste, klase presentzialak aurtengoz amaitutzat jotea erabagi dau Espainiako Gobernuak, baita praktiketan % 50eko salbuespena egitea eta ikasturtearen amaierako fetxa bat Espainia guztian ezartea be. Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariak ez dagoz ados hiru puntuokaz.

Batzarrean esandakoen kontura, Eusko Jaurlaritzeak eta euskal unibersidadeek autonomia aldarrikatu dabe, ikasturtearen amaierako zatia kalidadean oinarritutako erespideakaz osotzeko asmoa dabela ganeratuta. Ikasleei lasaitasun mezua bialdu deutsie: Koronabirusaren krisiaren erruz ikasle bakar batek be ez dau ikasturtea galduko. Horretarako, ohiko jarduera eta epeak oraingo egoerara egokitzeko beharrean dabiz.

Etenbako hartu-emonak dagoz erakunde publikoen eta unibersidadeen artean, Adolfo Morais Jaurlaritzako Unibersidade eta Ikerketa sailburuordearen arabera. Hortaz, Madrildik heldutako aginduak txarretsi ditu, EAEren eskumenen, Euskal Unibersidade Sistemearen autonomiaren eta Unibasq Kalidade Agentziaren independentziaren kontrakoak diralakoan. Beste erkidego batzuetako ordezkariek be autonomiaren aldeko mezua zabaldu dabe.

Euskal unibersidadeen sendotasuna azpimarratu dau Moraisek, ikasleen beharrei erantzuteko. Klase presentzialei berrekiteko prest dagoz unibersidadeak, baita osasun egoereagaitik hartu leitekezan beste erabagi batzuei erantzuteko be.

Praktikei jagokenez, agindu zorrotzak emotea ez dala aproposa uste dau Moraisek, kasuan kasuko beharretara egokitzea baino. Unibersidadeko titulu bakotxak ezaugarri batzuk ditu, eta malgutasuna ezinbestekoa da. Euskal unibersidadeak bat datoz horregaz.

Gaur, barikua, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak batzarra egingo dau EAEko unibersidadeetako buruakaz. Nekane Balluerka EHUko errektorea, José María Guibert Deustuko Unibersidadekoa eta Bixente Atxa Mondragonekoa egongo dira batzarrean, Jaurlaritzearen eta unibersidadeen arteko lankidetzan pausuak egiteko helburuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu