SPRI-k enpresa txiki eta ertainentzako laguntzak bideratuko ditu telelana ezartzeko

Bizkaie! 2020-04-01 08:40   Pil-pilean

Aurrekontua 2,3 miloe eurotik gorakoa da.

SPRI Taldeak, enpresa-garapenerako euskal agentziak, argitaratu dau euskal enpresa horreei zuzendutako laguntzen programea, enpresan telelana ezartzeko. Programa hau Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila euskal enpresari COVID-19ren ondorioen kontra laguntzeko abian jarten dagoan preminazko laguntzen paketearen barruan kokatzen da. Jaurlaritzearen laguntza berezien orriaren eta SPRI Taldearen bitartez eskuratu ahal izango da.

SPRI-k aldatu egin ditu Industria Digitala programako ekintza subentzionagarriak telelana errazteko eta helburu horregaz zabalik dagoan Inplantalariak programearen ekintzak osotzeko. Ehunka euskal ETE interesauta dagoz Inplantalariak programan.

Industria digitala programeak 2,3 miloe eurotik gorako aurrekontua dau aurten eta Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsak (FEDER) kofinantzietan dau, izan be, laguntzek estaliko daben zenbatekoen % 50 jarriko dau. Ekimen honen helburua da Elektronikea, Informazino eta Komunikazino Teknologiak (EIKT) txertatzen laguntzea industri arloko enpresetan eta produktu-prozesuagaz lotutako zerbitzu teknikoetako, diseinuko eta logistikako enpresetan, helburutzat hartuz enpresearen lehiakortasuna hobetzea.

Laguntzinak % 25 eta % 50 bitartekoak izan daitekez konpainiaren tamainuaren arabera eta orain telelana be sartu da diruz lagundu daitekezan kontzeptuen artean, aholkularitzako, injinerutzako eta hardware nahiz software erosketetarako gastuak ordaintzeko.

Sektore oso desbardinak izan daitekez programa honen onuradun: sentsorika, Big Data, adimen artifiziala, machine learning eta blockchain, errealidade birtuala, areagotua eta mistoa, ikusmen artifiziala, Smart factory (prozesu industrialen simulazinoa gaitasun fisikoak eta birtualak buztartuz), robotika kolaboratiboa eta malgua, fabrikazino gehigarria, gamifikazinoa (jokuetatik ateratako teknikak apliketea aurreikusten daben aholkularitzako proiektuak, erabiltzaileak motibau eta euren konpromisoa lortzeko), merkataritza elektronikoa, enpresearen kudeaketa aurreratuko sistemak, produktuaren bizi-zikloaren kudeaketea (CAM CAE, PDM eta DMF muetako aplikazinoak ezartzea).

Orobat onartuko dira 2020ko urtarrilaren 1etik hasitako proiektuen laguntzino-eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturautako gastuak, betibe eskaerak aurkeztu badira araudi hau Euskal Herriko Agintaritzearen Aldizkarian argitaratu (datorren apirilaren 1ean) eta hile biko epean.

Gainera dirulaguntzinoa % 5 handituko da -betibe laguntzen gehienezko mugea gainditu barik-, baldin eta enpresak ondoko baldintza beteten baditu: Hizkuntzen Kudeaketako Bikain Kalidade Ziurtagiria -enpresan euskerearen erabilerea ziurtatzen dauena- izatea, Bardintasun plan bat izatea (enpreseak 150 langile edo gitxiago baditu, ze hori baino handiagoak diranak legez behartuta baitagoz) edo euskerazko softwarearen erabilerea txertatzen daben proiektuak izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu