Durangoko bonbardaketea gogoratzen gabiz gaur

Bizkaie! 2020-03-31 09:03   Pil-pilean

Egitaraua egokitu behar izan dabe, Covid-19 gaixotasunagaitik.

1937ko martiaren 31n, gaur 83 urte, hegazkin faxistek Durangori eraso egin eutsien, Europan populazino zibilaren kontra egindako lehenengo aire-bonbardaketan. Herri osoa suntsitzeaz gan, 300 hildako baino gehiago eta ehunka zauritu eragin zituan erasoak. Egun haretako memoriari eusteko, urtero antolatzen ditue ekitaldiak Durangon, baina, aurten, Covid-19 gaixoagaitik ezarritako itxialdia dala eta, egitaraua aldatu behar izan dabe.

Hortaz, aire zabaleko ekitaldi gitxiago eta norbere etxetik ikusteko edo entzuteko gehiago atondu behar izan ditue Durangoko Udalak eta herriko eragileek. Goizeko 08:30ean, lehenengo aire-erasoa hasi zan orduan, kanpaiak jo ditue Andra Mariako kanpantorrean. Gauza bera egingo dabe 17:45ean, arratsaldeko bonbardaketea gogoratzeko. Goiz eta arratsalde, biktimen omenezko sua biztuta egongo da Andra Mariako eleizpean.

Ganerako ekitaldiak Udalaren webgunearen, sare sozialen eta Durango Irratiaren bidez segitzeko modukoak izango dira. Unai Iturriagak idatzitako adierazpen konpartidua irakurri eta Gerediagaren enkarguz egindako martiaren 31ko bonbardaketearen kantua aurkeztuko dabe. Mikel Nuñez eta Irati Bilbao dira abestiaren egileak.

Gerediaga alkarteak be egitarau berezia atondu dau gaurko, Covid-19aren erruz guztiz egokitu behar izan daben arren. Hiru bideo ipini ditue ikusgai euren Youtube kanalean: Bertan behera itxi behar izan daben kaleko erakusketako argazki zaharren bildumearena, Mikel Nuñez eta Irati Bilbaok egindako kantuarena eta 2016an bonbardaketearen aztarnen inguruan egindakoa.

Durango 1936 alkarteak be hainbat bideo ditu webgunean, horreetako asko bonbardaketearen lekukoen testigantzak. Ganera, erasoaren 83. urteurrenaren harira, webgunea barritu dabe, edukiak bistarago ekarteko eta bilaketak errazteko asmoz. 1.500 bideo baino gehiagoko artxiboa dabe, tartean lekukoei egindako 110 alkarrizketa. Artxibo osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu