'Azalerako Ipuinak'

Bizkaie! 2020-03-31 08:48   Kulturea

Saroa Bikandi, Peru Magdalena, Maria Uriarte eta Quico.

Azalerako Ipuinak, berbak, ahotsak eta umeentzako ipuinak soilik, ez da beste ezer hemen. Anomalia bat dirudi katalogoko hainbat argitalpen heldu eta konplejuen instrumentu aniztasun eta teknika erakuste bikainen aurrean. Jazz/Blues moldeetara ohituta dagozan belarri eta begiek, edade txikikoei eskainitako sail barri baten hasierea izango dalakoan ez deutse segurutik jaramonik egingo. Kuriosidadez besterik ez bada be, eskaini eiotzazue zuen denpora preziadu horren zatitxu bat eta nekez damutuko zarie. Lehen momentuetako ohiko irribarre konplizearen ondoren eta segundo batzugaz nahikoa dot pentsauta, bertan behera itxi aurretik, heldu entzunaldiari beste momentu motz batez eta pixkanaka heldutasun sendoaren eskema fosilizatu guztiak desegiten eta urtzen hasiko jatzuez.

Abesti, kontakizun eta berba joko hareek berberak errepetiduten zituan umea zuon barruan pizten sentidu eta gozamen hutseko jokora emon zure belarriak, berba bakotxa estreinako aldiz ahoskatu eta barruratzearen plazer hutsera bideratuko da zuen atentzino guzia. Sekula irudikatu ez dozuen plazer musikal konplexu, heldu, berezi eta erabatekoenera. Benetan dinotsuegu.

Grabaketa berezi honen jatorria liburutegietarako sortutako proiektu batean datza. Orain dala 7 urte Saroa Bikandik, ahozkotasuna eta ume literaturea edade txikikoei eta hareen familiakana hurreratzeko asmoz landutako idea baten ondorioa da eta 0-3 urte bitarteko ume eta hareen kargu dagozan nagusientzako zuzendutako saioetan gorpuztu da orain arte. Bertan, ahozkotasuna, poemak, errimak, berba olgetak, kantuak eta ume literatura gorputza eta azala erabiliz hurreratzea da gakoa eta helburua.
Baina era berean, umea laguntzen dauen heldua lotura linguistikoaren garrantziaz jaubetu da eta baliabide honen bidez konfidantza eta errekursoak hartzen ditu bere egunerokotasunera gehitzeko. Lotura linguistikoa heldua eta umearenn artean, hizkuntza eta kontaktu fisikoaren bitartez sortzen diran hartu-emon afektiboak baitira.

Proiektuaren egonkortasunak, tailerretan landutako materialei euskarri bat emotea bultzatu ditu Saroa Bikandi eta Peru Madalena, Hegoak lantaldearen izenpean eta horretarako Etxegiroan produkzino etxeagaz batu eta alkarlanean sortu, amestu, produzidu eta diseinau dabe eskutartean dogun CD hau.

Esan bezela, funtsean, euskal tradizinotik eta literaturatik datozen berba olgetak, ipuinak, kantuak eta olerki bildumaren batuketea da, umeek entzun eta errepetiduteko pentsauta dago. Baina aldiberean helduei bialtzen jaken gonbita bat be bada, gure ondoko edo gure barruko umeak hizkuntzea, erritmoa, errimak gorputzetik ikasten dauen bitartean hari sostengua emon daiotsegun; ahots eta gorputz osoz olgetan hasi eta berbak probau, edan eta ukutu ahal izateko. Gozamen osoa. Ez eizue aukerea galdu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu