TAO bertan behera Bilbon
2020-03-27 11:59 Pil-pileanIbilgailu pribatuaren erabilera arduratsua egitea gomendatu dabe.
Bilboko Udalak jakinarazo dau, joan-etorrietan eta aparkalekuetan izandako % 85 inguruko jatsierearen eraginez, uri barruko mobikortasun eraginkorra bermatuta dagoala eta ondorioz, gaur, barikua, hasi eta besterik adierazo arte, bertan behera itxiko dauela Bilboko TAO zerbitzua. Aldi berean, funtsezko osasun-zerbitzuen, hornidura-zerbitzuen eta bestelakoen aparkaldia errazteko asmoz, zamalanetarako plazen edukierea eta kopurua handitu da eremu guztietan. Holako guneen erreserba barriak be egin dira eskaria egoan beste leku batzuetan. Zamalanetarako erreserbautako eremuetan ez da ordutegi-mugarik izango, behar bezela seinaleztatuta eta mugatuta egongo dira eta jasotako beharren eta eskaeren arabera handitu ahal izango dira.
TAOko zaintzaileek, autobabes-neurriak ezarrita, gune horreen erabilera egokia kontrolau eta ezarritako arauak beteten ez badira gidariak salatuko ditue. Era berean, osasun-zentroetatik, ospitaleetatik, erakundeetatik nahiz beharrezkotzat joten diran bestelako zentrotatik hur aparketako eta gidariei informazinoa eta aholkuak emoteko lanetan lagunduko dabe.
Aldi berean, elikagaien eta funtsezko produktuen saltokietako zamalanak erraztu eta hobetzeko, Udala baimen bereziak emoten hasi da, ordutegiak eta maiztasuna handituz eta luzera-tona gehiagoko ibilgailuen erabilerea onartuz.
Egoera horrek dirauen bitartean, TAOren erabiltzaileentzako arreta-zerbitzua telefonoz eta modu telematikoan emongo da (94.470.10.47/App).
Azken astean, Bilboko Udalak osasun-agintariakaz koordinauta bideratutako neurrien artean, araututako eremu guztietan doban aparketako aukerea emon deutse Bilbon lan egiten daben osasun-sektoreko profesionalei, matrikulak identifiketako prozedura erraz baten bitartez.
Azkenik, Udalak ibilgailu pribatuaren erabilera arduratsua egitea gomendatu dau, uriko mobikortasuna eta zirkulazinoa bermatu ahal izateko, batez be larrialdietako eta funtsezko zerbitzuentzat.
Bilboko Udalak 010 telefonoan zentralizau dau arreta guztia
Udaleko edozein sailagaz hartu-emonetan jarri behar dabenek, baita Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Larrialdietako Udal Zerbitzua (SMUS) behar dabenek be 010 informazino-telefonora deitu behar dabe.
Herritarren Arretarako Zerbitzua, barriz, bide telematikoen bidez eskaintzen jarraituko da: 010@bilbao.eus helbide elektronikoa, Zure Udalak aditzen deutsu web ataria eta www.bilbao.eus egoitza elektronikoa, izapideak egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!