'Bitartean, Etxetik Ikasten'

Bizkaie! 2020-03-27 09:23   Kulturea

Martiaren 30ean hasiko dira eskaintzen ETB3n eta eitb.eus-en, goizeko 9:00etatik 12:00etara.

Hezkuntza Saila eta EiTB lanean dabiz, datorren astelehenean martxan hasiko dan hezkuntza saio barria atontzen: Bitartean, Etxetik Ikasten izenburupean, programearen helburua ikasleen hezkuntza-prozesua erraztea izango da, batez be, etxean euskarri teknologikorik ez daben umeena. Eskainiko diran edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira baina, batez be, etapa horretako 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat.

Hezkuntza saio hau euskeraz eskainiko da eta jagokezan curriculumei lotutako edukiak batuko ditu. Basurto ikastetxe publikoan egingo dira saioak, egunero, 9:00etatik 12:00etara, ikasleen curriculumakaz loturiko hainbat eduki eskainiko dira 30 minutuko piluletan, maila bakotxari jagzkozan materiak landuko dira.

Era berean, Hezkuntza Sailaren zein EiTBren asmoa da Bitartean, Etxetik Ikasten saio interaktibo bihurtzea, holan ikasleek euren galderak, dudak edo iradokizunak egin ahal izango ditue eta erantzunak programan zehar edo hurrengo saioetan jasoko ditue.


Atalak eta gaiak

Egunero, Bitartean, Etxetik Ikasten saioa Aldaba izeneko tarteagaz edegiko da. Irakasleak etxeetatik jasotako feedbacka konpartiduteko momentua izango da; jasotako argazkiak, audioak, ardurak eta galderak erantzuteko momentua. Programan ikasleen interakzinoa be sustatu gura da eta horretarako, irakasleek umeei galderak bialtzeko eskatu eta hurrengo saioetan galdera horreei erantzungo jake.

Egunean hiru orduko eskola honeetan danetariko gaiak jorratu ditue, berbarako, Irakurketeagaz gozetan atalean, egunero, ordu lauren edo eskainiko deutse irakurketearen ulermenari, testu ezbardinak oinarri hartuta.

Euskerearen gaia Berbak olgetan tartean landuko da. Ahozkotasunak izango dau lehentasuna (berba olgetak, aho korapiloak, ikerketa proposamenak, errezetak, komikiak eta ipuinak sortu, bitxikeriak...), idatzizko adierazpena ahaztu barik.

Bestalde, Mobidu-mobidu atalak itxialdian gagozan bitartean gorputzaren lanketarako ariketak proponiduko ditu.

Hari-mataza tartean matematikearen txandea izango da: buruketak, mahai-olgetak, olgeta matematikoak, matematikearen eragina egunerokotasunean, buruzko kalkulurako estrategiak, abakoen erabilerea, bitxikeria matematikoak, eragiketak egiteko estrategiak...

English corner-ean, barriz, ingelesaren irakaskuntzara hurreratuko ditu ikusentzule gazteak, errutina, hiztegia, esaldi labur, irakurketa, olerki, ipuin animatu, marrazki bizidun, albiste labur, baina beti be ikusteko euskarriaz lagunduta.

Gizarte Zientziak gaia landuko da Muduaren birak atalean eta bertan zuhaitz genealogikoaz eta norberaren bizitzaren kronogramaz jardungo dabe, beste gai batzuen artean.

Zientzia Edonon sailak, barriz, honako gaiak jorratuko ditu: metodo zientifikoaren erabilerea egunerokotasunean, esperimentazinoa eta, oro har, zientziari buruzko dokumentalak be erakutsiko dira.

Teknologia konpetentziari eskainitako denporan, modu errazean, olgeten bidez eregitea sustatuko da.

Musikak be izango dau bere lekua. Ttakun Ttakun atalean musika adierazpena, jantzak, perkusino olgetak eta erritmoak landuko dira.

Azkenik, Bitakora-k zarratuko dau eguna, zer ikasi dan errepasauta eta ikusleak gune interaktiboan parte hartu deien gonbidauta.

Hau guztia, ETB3n eta eitb.eus-en eskaintzeaz gan, Hiru3ko euskarri digitaletan be jasoko da ondoren (webgunean, APPan, HBBTV eta Smart TV zerbitzuetan).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu