Fermin Muguruza bere lanak sarera igoten dabil

Bizkaie! 2020-03-23 12:41   Musikea

Diskoak, dokumentalak, bideoklipak eta abar ipinten hasi da Youtuben.

'Asthmatic Lion' sarera igon barri dau Muguruzak | Ikusi handiago | Argazki originala

Covid-19 gaixotasunaren ondoriozko itxialdia dala eta, artistek ezin dabe kontzerturik jo eta zaleak etxean geratu beharrean dagoz. Horri aurre egiteko, Fermin Muguruzak bere lan guztiak sarera igon eta publiko guztiaren eskura jarteari ekin deutso egunotan. Modu librean eta doban ikusi eta entzun ahal izango dira irundarraren ibilbideko harribitxi zahar eta barriak.

Muguruzaren Youtube kanalean ikusi leitekez igondako grabazinoak, hemen. Batetik, bakarka edo taldean sortutako abestiak dagoz, esate baterako, Kortatu, Euskal Herria Jamaika Clash, Brigadistak, Dub Manifest eta Mirant al cel diskoetakoak. Ganera, Asthmatic Lion sound systema be entzun leiteke, munduko asmatikoei eskainitako lana (Muguruza be asmatikoa da). Gatx hori dabenak Covid-19ren arrisku taldean dagozala gogoratu dau musikariak.

Bestetik, ikutu sozialeko dokumentalak be eginak ditu Fermin Muguruzak munduan zehar. Horreek be Youtubera igoten dabil. Dagoeneko ikusgai dago Nola?, Irun eta New Orleans batu zituan filma. Katrina urakanaren ondorena jorratzen dau dokumentalak. Beltza naiz izeneko lanean, ostera, Black is Beltza filma sortzeko prozesua azaltzen dau irundarrak.

Hurrengo egunetan edukiak sareratzen segiduko dauela agindu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu