Tremenda Jauria taldeak aroa zarratzeko bireari ekin deutso

Bizkaie! 2020-03-25 10:41   Musikea

Tu no eres mi papi 2.0 bideoklipa ikusgai dago.

El Botin-ek izandako erantzun bikainaren ostean, abestuena eta mitikoena dan aspaldiko kantu baten remix-a sortzea izan da Tremenda Jauria talde madrildarraren apustua, Tú no eres mi papi 2.0, Tribade eta Mafaldako kideak lagun dituela, 2016ko Tomando escenarios no vamos a parar aldarrikatzen eben Hego Amerikako hip-hop transfeministea, queer eta antiarraziztearen erreferente diran Krudas Cubensi taldeagaz batera. Kultura arloan eta musika zirkuituan (independenteak edota alternatiboak izan arren) dabizen eta sano maskulinizautako dinamikak aldarrikatzeko asmoagaz dator Tú no eres mi papi 2.0.

Orain, estadu mailan musikeari lotutako feminismoan eta emakumeen agirikotasunean erreferente bihurtu diran Mafalda eta Tribade taldeko kideak lagun ditue eta ez eszenatoketan bakarrik, baita bulegoetan, produkzinoan, management lanetan, grabaketetan, soinu eta argi ekipo teknikoetan eta bestelako arlo batzuetan be.

Feminismoa dana hankaz gora jarten dagoanez, kultura eta musikearen arlo profesionala be bardintasuna, jasangarritasuna eta bizia erdian jarten daben dinamiketara hurreratu beharrean dago; bilakaera sakon eta beharrezko horretara hurreratu eta euren aletxua jarri nahi izan deutso Tremenda Jauriak Tu no eres mi papi 2.0 honegaz.

Dagoeneko taldearen irudien grabaketan ohikoa diran Singrima Films-ek, mezu sendo eta argiak dituen lerroaldeakaz batera, jantzak ditue ardatz, izan be, irudimenezkoen, kontaketen eta eskubideen konkista momentu historikoetarako soinu-banda propioa izateak dakarskun indar eta alaitasun horrek, etenik bako jantzan sartuko gaitu.

Kantu honen grabaketea eta produkzinoa taldeak berak egin dau, ohiko daben erritmo moombahtoneroak perkusinoaren, bajuaren eta gitarra elektrikoaren organikotasunagaz eta basse leherkorrakaz batera, beat eta sintetizatzaile zorrotzakaz nahastauta. Pau Paredes izan da nahasketak egin dituana eta Yves Roussell izan da mastering lanak egin dituana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu