Apirilaren amaieran emongo dabe ezagutzera 2019ko 111 Akademiaren Saria
2020-03-17 08:21 KultureaAlberdi, Arzallus, Atxaga, Borda eta Jaioren lanak pasau dira bigarren bueltara.
2019. urteko 111 Akademiaren Saria erabagi ahal izateko 111 Akademiak amaitu dau bere lehenengo botazino txandea, zezeilaren hasieran martxan jarri eta martiaren 5era arte zabalik euki dauena. Lehenengo botazino txanda horretan botorik gehien jaso daben obrak ondokoak izan dira: Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik; Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan; Bernardo Atxagaren Etxeak eta hilobiak; Itxaro Bordaren Susmaezinak; eta Karmele Jaioren Aitaren etxea.
Beraz, 2019. urtean euskal literatureak itxitako uzta zabaletik bost horreek izan dira urteko libururik gogokoena hautatzeko bidean lehenengo botazino txandea gainditu eta bigarrenera igaro diranak. Martiaren 31 baino lehen bialdu beharko dabe akademiakideek horreetako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen % 40 bereganatuko baleu, 111 Akademiak horixe izentauko leuke 2019ko saridun. Kopuru horretara heltzen dan lanik ez balego, barriz, boto gehien hartutako bi finalera pasauko litzatekez.
Lehenengo botazino txandan 95 akademiakidek emon dabe botoa. Urtero legez, bigarren eta, halakorik balego, hirugarren txandetan kopuru horrek gora egitea espero dabe Akademiako arduradunek, botazinoek aurrera egin ahala handitzen joaten baita irakurketan eta ondoriozko botazinoetan parte hartzen daben akademiakideen kopurua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!