Euskal literaturako 14 liburu, beste hizkuntza batzuetara itzulita

Bizkaie! 2020-03-16 13:21   Kulturea

Etxepare Euskal Institutuaren laguntzinoari esker itzuli ditue.

Euskal kulturea atzerrian zabaltzeaz arduratzen da Etxepare Institutua, eta zer modu hoberik horretarako, euskerazko liburuak beste hizkuntza batzuetara itzultzea baino, atzerriko irakurleek bertoko errealidade literarioa ezagutu deien. Etxeparek urtero emoten ditu laguntzinoak horretarako, eta 2019an, 14 liburu itzuli ziran. 33.000 euro pasautxu emon zituan Etxeparek guztira.

Saiakerak, umeen literaturea, eleberriak eta ipuin-liburuak dagoz 2019an dirulaguntzinoa jaso daben eta atzerriko hizkuntzetara itzuli diran euskerazko lanen artean. Eskatzaileak bertoko argitaletxeak dira gehienbat, Erein eta Txalaparta adibidez; baina badagoz serbiarrak eta hungariarrak be.

Diruz lagundutako 14 itzulpen horreetatik, zortzi dagoeneko argitaratuta dagoz, atzerriko irakurleen eskura. Honeek dira: Iñaki Sotoren ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa, gaztelaniara; Samara Velteren Nik sinesten dizut, gaztelaniara; Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa, gaztelaniara; Alaine Agirreren Kamisoi zuri zetazkoa, gaztelaniara; Arrate Egañaren Klarisa eta K taldea. Arimen parkearen misterioa, gaztelaniara; Katixa Agirreren Amek ez dute, gaztelaniara; Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak, ingelesera; eta Mari Luz Estebanen Feminismoa eta politikaren eraldaketak, katalanera.

Argitaratzeko dagozan beste sei liburuak laster kalean egotea da asmoa, baina argitaletxe bakotxaren erritmoaren araberakoa da hori. Orain arte plazaratutakoen artean, garbi dago gaztelaniazko merkadua dala nagusi.

Etxepareren lan-eremu nagusietako bat izan da euskal obren itzulpena hasiera-hasieratik. Urtero emoten ditu diru-laguntzinook, baina, horrezaz gan, bestelako ekimen batzuk be baditu martxan. Esate baterako, Laboral Kutxaren babespean emoten diran itzulpengintza sariak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu