Ilustrazino eta ipuin lehiaketarako deia egin dau Elkar argitaletxeak
2020-03-16 10:17 KultureaUme eta gazteen artean sormena eta irakurzaletasuna bultzatzea da helburua.
Egunotan etxetik urten ezinda dagoz Euskal Herriko ume eta gazteak, COVID-19 birusaren eraginez emondako aginduen erruz. Elkar argitaletxeak etxe barruko ordu luzeetarako proposamena egin deutse, martxan jarri dauelako 12. ilustrazino eta ipuin lehiaketea. Hiru modalidade dagoz, edadearen arabera: Ipuina ilustrau; ilustrazinoa ipuin bihurtu; eta komikia edo binetea sortu.
Elkarrek azaldu dauenez, urtero antolatzen dauen sariketa honen helburua umeen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzea da. Idazle eta ilustratzaile ezagunen laguntzinoa izaten dabe, esate baterako, aurten Paddy Rekalderen ipuina eta Mai Egurzaren marrazkia erabili ditue oinarritzat.
Ipuina ilustretako modalidadea Haur Hezkuntzakoentzat eta Lehen Hezkuntzako 4. mailara artekoentzat da. Paddy Rekaldek idatzitako Kaioa ipuina irakurri, eta marrazkiak egin beharko ditue, nahi daben estiloan. Ume bakotxak marrazki bat entregau beharko dau gehienez.
Pixka bat nagusiagoentzat da ilustrazinoa ipuin bihurtzeko ariketea, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoentzat zein DBHko lehenengo ikasturte bietakoentzat. Mai Egurzaren ilustrazino hau oinarri hartuta, orrialde bakarreko ipuina asmauko dabe parte-hartzaileek. Euskeraz idatzi beharko dabe.
Aurreko edizinoetan, ikastetxeetatik aurkeztutako ipuinetan, zentro bakotxak aukeraketa bat bialtzeko eskatzen eban Elkarrek, guzti-guztiak bialdu beharrean. Aurten, baldintza hori ezabatu dabe.
Azkenik, DBHko 3. eta 4. mailetakoek ipuin klasiko baten oinarritutako binetea edo komikia aurkeztu beharko dabe. Eskuz zein ordenagailuz egin leikiez marrazkiak, eta testuak euskeraz izango dira. Parte-hartzaile bakotxak lan bat baino ezin izango dau entregau.
Hainbat modutan aurkeztu leitekez lanak: Elkarren dendetan, postaz zein Postdata atarira igonda (hemen). Apirilaren 17ra arteko epea dago. Irabazleak aukeratzeko orduan, epaimahaiak balorauko ditu lanen originaltasuna, kalidadea eta emondako ipuin, ilustrazino edo gaiaren esentzia jasotea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!