Loraldia, Darabilbo, Harrapazank... Bilboko eskaintzea geldirik

Bizkaie! 2020-03-13 08:53   Kulturea

Udalak bertan behera itxi ditu ehun lagunetik gorako aforodun ekitaldiak.

Harrapazank Eszena, bertan behera geratu dan ekitaldietako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

COVID-19 birusa gehiago ez zabaltzeko neurri bereziek eragin sakona izan dabe eskaintza kulturalean. Bilbon, esate baterako, egitarau oparoa egon da iragarrita hurrengo egun eta asteetan, eragile publiko zein pribaduek antolatuta, baina ezin izango dira egin.

Loraldia Festibala eta bertara urtero-urtero joaten dan publikoa dira kaltetu nagusienetako batzuk, jaialdia hasi eta segiduan heldu dalako ekitaldiak bertan behera ixteko eskaria. Loraldiak oharra atera dau, segurtasun neurri bereziak hartu ezkero ikuskizunak ezin izango dirala berme guztiakaz egin esateko. Kalidadeari eta ikusleen esperientziari gehiegi eragingo deutso horrek. Hartara, festibala bertan behera laga behar izan dabe.

Erantzunkizunez hartutako erabagia da, Loraldiak esan dauenez. Dana dala, sormenagaz eta artistakaz daben konpromisoari eutsiko deutsie antolatzaileek, sasoi aproposagoak datozanean betiko lanari berrekiteko asmoz. Sortzaile, babesle eta egoitzakaz ereindako programazinoaren haziak ez dira galduko eta urtean zehar beste uneren batean plazaratzen ahaleginduko gara, dinoe.

Bestetik, Bilboko Udalak ehun lagun baino gehiagoko aforoa daben ekitaldi guztiak bertan behera itxi ditu, tartean programazino kulturalekoak. BilbaoPoesia, Gutun Zuria, Distrito Jazz, Zirkuitua, Bidaiarien Txokoa, Darabilbo eta beste ziklo batzuetan hurrengo asteetarako egon diran ekitaldiak bertan behera itxi ditue, baita BilbaoEszenako ikastaroak be.

Egunotan egin beharreko ekimenak be bertan behera geratu dira. Ogiaren Jaia, Bilbao YouWeek, BreakOnStage... ez dira egingo, edo aurrerago egitea aztertzen dabiz. Ume eta gazteentzako programak, Harrapazank eta Ikusi eta Ikasi, martxan egon dira orain dala aste batzuetatik, baina aurrerantzean etenda geratuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu