William Kentridge hegoafrikarraren hiru ikus-entzunezko Guggenheimen

Bizkaie! 2020-03-12 13:14   Kulturea

George Méliès zinematografia modernoaren aitzindaria gogoratzen dabe artelanek.

Juan Ignacio Vidarte eta Manuel Cirauqui, erakusketearen aurkezpenean (argazkiak: Guggenheim Bilbao Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Film&Video, Bilboko Guggenheim Museoko aretorik barritzaile eta esperimentalenetariko bat, William Kentridge hegoafrikarraren sorkuntzen erakusleku izango da, bagilaren 14ra arte. Hiru ikus-entzunezko pieza dira, bederatzi pantailatan banatuta. Izan be, lau hamarkada daroaz Kentridgek sorkuntza zinematografikoaren eta bideografikoaren arloetan.

William Kentridge: 7 atal izeneko erakusketa honetan, Kentridgek zinematografia modernoaren sortzaile eta bultzatzailetzat joten dan George Méliès hartu dau gogoan, aldi berean autoerretratu bitxia eginaz, amesetakoa dirudiana. Aretoa mikrokosmos bihurtu dau artisteak, Manuel Cirauqui komisarioak azaldu dauenez.

Instalazinoa zuri-baltzean eginda dago, eta artistearen benetako irudiak eta stop motion teknikaz egindako marrazkiak buztartzen ditu. Kasu honetan, ikatz-ziriz marrazteko ekintzea bera grabetan dau filmean, ondoren marrazkiak kamereari erakusten deutsaz, zati batzuk ezabatzen eta barriro marrazten ditu. Era horretara, animazinoaren azken irudiek aurreko bersinoetan ezabatutakoa be erakusten dabe.

Birusaren eragina

Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Museoko zuzendariak COVID-19 birusaren eraginaz be egin dau berba. Gero eta leku gehiagotan hartzen hasi diran neurriak museoetara be heldu dira: Etxetik egindako lana bultzatzen dabiz eta, museora bertara doazan beharginen artean garbitasun protokolo zorrotza ezarri dabe. Ekitaldietako eta aretoetako gehienezko edukierea erdira bajatu dabe, eta kasu batzuetan hitzorduak bertan behera ixten hasi dira.

Bestetik, Bilboko Guggenheim Museora sartzen diran bisitarien kopuruan be eragin dau koronabirusak. Datu zehatzik ez daukien arren, Vidartek ziurtatu dau bisitarien jatsiera nabarmena egon dala egunotan. Korea, Japonia, Italia eta beste leku batzuetatik etortekoak izan diran taldekako bisitak bertan behera itxi ditue.

Oraingoz, zabalik dago Guggenheim, baina Vidartek adierazo dau behargin eta bisitarien osasuna dala lehentasuna, eta beharrezko diran neurriak hartuko dituela.

Kentridgeren ikus-entzunezkoen instalazinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu