Aditu, Elhuyarren berbeta-ezagutzaile elebiduna, online erabilgarri

Bizkaie! 2020-03-12 13:28   Kulturea

Audio eta bideoak transkribidu eta azpitituletako lehen euskal plataformea da.

Elhuyar-ek bere berbeta-ezagutzailea aurkeztu dau gaur Donostian, Tabakaleran egindako ekitaldian: Aditu. Audio eta bideoak modu atomatikoan transkribidu eta azpitituletako plataformea da Aditu, Elhuyarreko I+Gko lantaldeko ikertzaileek jorratutakoa punta-puntako teknologia erabiliz.

Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko zuzendari nagusiak eta Igor Leturia Azkarate Aditu proiektuaren arduradunak emon ditue azalpenak, gonbidatu eta kazetarien aurrean.

Jon Abrilek nabarmendu dau erraldoi teknologikoen estrategia eta merkatu-interesetatik kanpora dagozala euskerea lako hizkuntzak eta garrantzitsua dala Aditu lako baliabideak Euskal Herrian erabiltea: Euskereak bizitasun digital ona izango badau, ezin ditugu erraldoi horreek egingo dabenaren edo egingo ez dabenaren menpean itxi gure hizkuntzearentzat giltzarriak diran garapen teknologikoak. Beraz, ezinbestekoa da gure estrategia propioa landu eta burujaubetza teknologikoan sakontzea. Hizkuntza-teknologietan eta adimen artifizialean ikerketa eta lanketea egiteko plana martxan jarteko eskatu deutse erakundeei, Aditu lako tresnak zabaldu ahal izateko, horrek aukera barriak ekarriko deutsozalako euskereari.

Elhuyarreko zuzendariaren ondoren, hizketa-teknologien arduradun Igor Leturiak hartu dau berbea eta berak azaldu ditu Adituri buruzko zehetasunak. Esan dauenez, berbetearen arloko teknologiarik barritzaileenak erabili ditugu Adituren garapenean: sare neuronalak, adimen artifiziala... Eta euskerea eta gaztelania ulertzeko eta prozesetako kapaz da.

Aditu elebiduna da, eta gaztelaniazko nahiz euskerazko transkripzinoak eta azpitituluak sortzen ditu, aurrez grabautako fitxategietatik nahiz zuzenekoetatik. Audio-fitxategiak, bideo-fitxategiak, nahiz onlineko audio eta bideoetarako estekak (EITB, RTVE, Youtube, Facebook, Instagram…) prozesau leikez. Horrezaz gan, aldibereko transkripzinoak be egiten ditu; holan, mikrofonotik berba egitean zuzenean testu idatzia eskuratzeko aukerea be eskaintzen dau.

Transkripzinoen testuaz gan, azpitituluen fitxategiak be sortzen ditu (VTT zein SRT formatuan). Eta transkripzioa berba bakotxaren denpora-markakaz be eskatu geinkio, bideoetan bilaketa aurreratuak egiteko, adibidez.

Plataformeak edizinorako interfaze bat dauka, Adituk modu automatikoan sortutako transkripzinoak eta azpitituluak eskuz zuzendu ahal izateko. Aditu aditu.eus webgunean bertan erabili daiteke, baina aukerea emoten dau beste gune eta plataforma batzuetan txertatzeko be, bezeroen beharretara egokitu ahal izateko.

Guztiz konfidentziala da sistemea eta malgua, bezeroen aplikazinoetara egokitu ahal izateko, hareen datuak modu seguruan eta berme osoz kudeatuz.

Aditu berbeta-ezagutzailea eremu askotan aplikau daiteke eta erabilgarria da lau honeetan:

• Ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorea: dokumental eta saioen azpitituluak, alkarrizketen grabazinoen transkripzinoak...

• Administrazio publikoa: udalbatzar edo bestelako bileren aktak jasoteko.

• Personen eta makinen arteko alkarrekintzea: 4.0 industriako hizketaz gidatutako makinak, domotikea, alkarrizketa-agenteak eta laguntzaile birtualak, dei-zentroak...

• Irisgarritasuna: diktaketa-sistemak...

Informazino gehiago, aditu.eus-en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu