Miguel Delibes idazleari autorpena egin deutso EHUk
2020-03-12 10:53 KultureaMerkataritza Intendente titulua atera eban Bilbon, 1942an.
EHUk Bilboko Elkano kalean daukan Ekonomia eta Enpresa Fakultadean omenaldia egin deutsie XX. mendeko Espainiako Literaturako autore ezagun bati, Miguel Delibesi (1920-2010). Autorpen horrek azalpen zehatza dauka: 1942an merkataritza intendente titulua eskuratu eban zentro horretan, baina sekula ezin izan zan ziurtagiria hartzera bueltau. 78 urteren ostean, haren sendiari emon deutsie agiria.
Miguel Delibes literatura munduko idazle apartenetakoa izan zan, eta gugaz hartu-emona izan ebala jakiteak zur eta lur itxi gaitu. Egundaino jaso barik egon dan titulu bat agertu izanak Delibesen iraganeko pasarte ezezagun bat erakutsi deusku, eta asko pozten gaitu, adierazo dau Ekonomia eta Enpresa Fakultadeko dekano Jon Barrutiak.
Elisa Delibes, idazlearen alabea, etorri da Bilbora aitaren izenean titulua hartzen. Miguel Delibes Fundazinoko burua be bada Elisa Delibes, eta idazlearen jaiotzearen mendeurreneko ekitaldien barruan sartu dau EHUko ekitaldia. Familiarentzat eta Miguel Delibes Fundazinoarentzat titulu hau altxor bat da. Asko eskertzen dogu titulua eta omenaldi hau jaso ahal izatea, esan dau Elisa Delibesek.
Unibersidadearen datuen arabera, 1941ean etorri zan Miguel Delibes Bilbora, Valladolid jaioterrian ikasitako merkataritza arloko ikasketetan sakontzeko asmoz. Merkataritzako intendente titulua gaur egungo doktoretzeagaz parekatu leiteke, emoten dituen eskuduntza profesionalak eta abantailak kontuan hartuta. 1942ko irailaren 30ean eskuratu eban titulua Delibesek, eta bila etorri ez zanez, Fakultadeko artxiboan euki dabe gordeta.
Alabeak azaldu dauenez, Miguel Delibes Adiskidetasun kaleko pensino baten bizi izan zan Bilbon ikasle zan bitartean. Orduko uriagaz hartu-emon estua izan eban, zehaztu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!