Thinking Fadura aukeratu dabe herritarren artean talentua transferiduteko

Bizkaie! 2020-03-12 09:25   Kulturea

Talentuaren transferentzia-ardatzak aztertzeko hainbat adierazle erabiliko dira.

OGP Euskadik Thinking Fadura Getxo Kirolak-ek Fadura kirol-parke barria diseinetako herritarren laguntzinoagaz sustatutako proiektu pilotua aukeratu dau, herritarrek parte hartzeak herri-administrazinoen barruko egituran zelako eragina dauen aztertzeko.

Gobernu Edegirako Nazinoarteko Aliantzak (Open Government Partnership – OGP) gobernu edegiagoak, arduratsuagoak eta sentikorragoak izaten laguntzeko proiektuak sustatzen ditu eta gobernantzeari eta gardentasunari jagokenez erreferentziazko erakundea da nazinoartean. 2018tik, munduko beste 19 eskualdegaz batera Euskadik be proiektuan parte hartzen dau, Eusko Jaurlaritzeak, EAEren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, hiru uriburuek eta zenbait udalerrik eratutako OGP Euskadi partzuergoaren bitartez, gobernu edegiaren jardunari buruz ikasi eta hausnartzeko asmoz.

OGP Euskadiren OGP Euskadi jarduera-arloetako batek herritarren partaidetzea dau oinarri eta, horren barruan, Thinking Fadura proiektua aukeratu dabe, barrikuntzako laborategiaren ikuspegitik zelan funtzionetan dauen ikusteko, Euskadin partaidetza-prozesuetan jakinduria transferiduteko balio leiken esperimentazinoaren eta ikasketa-prozesuen bitartez.

Talentuaren transferentzia-ardatzak aztertzeko hainbat adierazle erabiliko dira, herri-administrazinoek herritarren partaidetzan daben inplikazino-mailea, proiektuetan parte hartzen daben teknikarien asebetete-mailea eta herritarrakaz lankidetza-eremuetan lortutako produktuen kalidadea neurtzeko.


Talentua edo jakinduria transferiduteko lehen proiektua

Getxo Kirolak-ek azken urtean proiektuak lehenesteko metodologia bat landu dau, Fadura itxuraldatuko daben 30etik gora jarduera, ze ordenean gauzatuko diran zehazteko. Esperimentazino eta ikasketako dinamiken bidez etorriko dira eta, modu horretan, prozesuaren lanketa osoa hobetzeko jakinduria transmitidutea izango da.

Getxo Kirolak-ek aste honetan bertan abian jarri dau Fadurako eraikin nagusiaren bigarren pisuko altzariak aldatu eta eremua hobetzeko proiektua, ekonomia zirkularraren erispideei eta herritarren laborategi-metodologiei jarraituz. Laborategi hori lehen saiakuntza-bankua izango da eta mekanismo bat erabiliko dau, ondoren OGP Euskadik aztertuko dauena, herritarren partaidetzeak Getxoko Kirolak-en barruko-egituran zelako eragina dauen baloretako.

Thinking Faduraz gan, erakundeak beste hiru prozesu honeek izango ditu aztergai: Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu partizipatiboak; migratzaileen inplikazinoa partaidetza sozialean, Bilboko Udalak sustatua; eta osasun eta ongizate eragile lez herritarren partaidetzea neurtzeko sistemea, Eusko Jaurlaritzearen Osasun Sailak abian jarritakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu