Euskalduna Jauregiak 362 kultur emonaldi hartu zituan 2019an
2020-03-11 11:37 KultureaFakturazinoaren datu onari esker, 2020ari indartsu ekin ahal izan deutso.
Hogei urte bete dituan urtea, 2019a, bikaina izan da Bilboko Euskalduna Jauregiarentzat, egunotan aurkeztutako urteko txosteneko datuen arabera. Kulturearen alorreko 362 ekitaldi antolatu ziran bertan, eta biltzarren eta topaketen alorreko beste 346. Azken atal horretan historiako urterik onenetan bigarrena da. Okupazinoa % 90ekoa izan zan.
Diruari jagokonez, zenbaki positiboak emon zituan 2019ak. Fakturazinoa 7,17 miloe eurokoa izan zan, eta horrek 257.000 euroko irabaziak ekarri zituan. Euskalduna Jauregiko jarduerek 92 miloe euroko eragin ekonomikoa izan ebela kalkulau dabe.
Igazko urteko balantzea egiteko orduan, baina, dana ez dira zenbakiak eta diruak. 20. urteurrena aprobetxauta, modernizazinoari ekin eutsan Euskaldunak, bisitarien irisgarritasuna eta mobikortasuna hobetzeko. Sei eskailera mekaniko barri ditu orain eraikinak.
Produkzino propioko zein kanpotik ekarritako eskaintza kultural zabala da Euskaldunaren ezaugarri nagusietako bat, bertako arduradunen arabera. Ohiko moduan, 2019an Gabonetan eta Aste Nagusian antolatu ziran ekitaldi kultural gehien. Generoari jagokonez, antzerkia izan zan ugariena (122 emonaldi), eta ondoren orkestrea (72), Música-Musika programea (70), beste kontzertu eta errezitaldi batzuk (38), operea (21), banden kontzertuak (10), balleta (12), gizarte-ekitaldietako emonaldiak (6) eta Zarzuelea (6). Kultura arloan, 160.000 sarrera saldu ziran.
Aitatzekoa da Euskalduna erakunde eta talde ugariren ohiko agertokia dala, esate baterako, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, OLBE, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Musika-Música eta BilbaoMusikarena. Musikako eta operako bost denporaldi egonkor egoten dira urtero.
Txosteneko datuak aintzat hartu ezkero, Euskalduna Jauregiko bisitariak pozik dagoala esan leiteke. Asebetetze inkestetan, 4,5 punturen bueltako puntuazinoa emoten deutsie antolatzaile, ikusle zein parte-hartzaileek (5eko eskalan). Ekitaldi kulturalen antolatzaileek emon dabe batez besteko notarik onena, 4,73.
Jauregiko arduradunek azaldu dabenez, igazko datu onen bermeagaz ekin deutsie 2020ari. Ganera, egindako erreformek, erabiltzaileei esperientzia hobea eskaintzeaz gan, aukera barriak zabalduko ditu biltzar, topaketa eta ekitaldien antolakuntzan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!