Leioako Umore Azokeak 540 proposamen artistiko jaso ditu

Bizkaie! 2020-03-10 12:44   Kulturea

Maiatzaren 14tik 17ra egingo dabe aurtengo edizinoa.

Kale ikuskizun bat Leioan (argazkia: Umore Azoka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Talde artistiko eta sortzaileek Leioako Umore Azokan parte hartzeko eskabidea egiteko epea zarratuta, balantzea egin dabe antolatzaileek. Aurreko urteetan legez, herrialde ugaritatik heldutako pilo bat proposamen jaso ditue, danak kaleko arteen eta umorezko ikuskizunen alorrekoak. Danetara, 540 eskabide dira, eta, jakina, guztientzako lekurik ez dago. Umore Azokako arduradunek aurreratu dabe 40 bat ikuskizun programauko dituela.

Kalidadeaz gan, lurraldetasunari be begiratuko deutsie ikuskizunak aukeratzeko orduan. Saioen erdiak inguru Euskal Herriko konpainientzat gordeta dagoz, Umore Azokea kaleko arteen euskal komunidadearen erakusleiho izateko asmoz antolatzen dabelako. Nazinoarteko konpainiei jagokenez, inguruko herrialdeetakoak ez eze, guretzat exotikoak diran lekuetakoak be ekarten ahaleginduko dira, publikoak ezohiko panorama artistikoak ezagutu deizan.

Maiatzaren 14tik 17ra egingo dabe Umore Azokearen 21. edizinoa. Ikusgarritasuna eta hurrekotasuna buztartuko ditu antzerkiaren, umorearen, zirkuaren, musikearen eta jantzearen alorreko azken estreinaldi eta lan arrakastatsuakaz. Hori guztia doban, kalean, eta ikus-entzule guztientzat pentsautako egitarauagaz.

Horrezaz gan, profesionalen topaleku be izango da Leioa maiatzean, aurreko edizinoetan hasitako bidean sakonduz. Portugalgo hamar jaialdi garrantzitsuenetako zuzendari artistikoak azokako egun guztietara etorriko dira, Eusko Jaurlaritzeagaz eta Artekalegaz egindako hitzarmenari esker. Espainiako Kultura Ministerioaren PICE ekimenagaz be bat egin dau Umore Azokeak, Alemaniako, Belgikako eta Mexikoko kaleko arteetako profesionalak etortea errazteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu