Jaio, Arzallus, Alberdi, Atxaga eta Borda, 111 Akademiaren Sariko hautagai
2020-03-10 09:07 KultureaAkademiako kideek martiaren 31ra arte emon leikie botoa.
2019ko euskerazko libururik onena aukeratzeko prozesuak lehenengo fasea amaitu dau: 111 Akademiako kideek euren eretxia emon dabe, eta babes handiena izan daben bost liburuak pasau dira hurrengo fasera. Honeek dira:
- Kontrako eztarritik, Uxue Alberdi.
- Miñan, Amets Arzallus eta Ibrahima Balde.
- Etxeak eta hilobiak, Bernardo Atxaga.
- Susmaezinak, Itxaro Borda.
- Aitaren etxea, Karmele Jaio.
Orain, akademiakideek barriro emon leikie botoa, martiaren 31ra arte, bost finalisten artean. Epea amaituta liburuetako batek botoen % 40 baino gehiago lortu ezkero, berorrek irabaziko dau 111 Akademiaren Saria. Bestela, boto gehien izan dituen liburu biak iragarri, eta azken botazinoa egingo litzateke.
Lehenengo txandan (martiaren 5ean amaitu zan), 95 akademiakidek emon dabe botoa. Urtero legez, bigarren eta, halakorik balego, hirugarren txandetan kopuru horrek gora egitea espero dabe lehiaketearen arduradunek. Kontuak kontu, apirilean jakin eragingo dabe behin betiko irabazlea zein dan.
Igaz, 2018ko libururik onena aukeratzeko orduan, Akademiako kideek Harkaitz Canoren Fakirraren Ahotsa-ren alde egin eben. Imanol Larzabal kantariaren bizitzea fikzino bidez kontetan dauen liburu horrek Katixa Agirreren Amek ez dute izan eban lehiakide azken txanpan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!