Euskerea eta generoaren inguruko ikerketak egingo ditue
2020-03-09 08:05 KultureaGarbiñe Bereziartua, Beñat Muguruza, Onintza Legorburu eta Nekane Goikoetxea izango dira ikertzaileak.
Bingen Zupiria sailburuak eta Miren Dobaran sailburuordeak adierazo dabenez, ondoko gaiak ikertuko ditue: hitanoa emakumeak ahalduntzeko baliabide bezela, euskerearen gaineko diskursoak genero ikuspuntutik eta, hirugarrenik, Tene Mujikaren biografia.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ezagutzera emon ditu Bardintzen programearen lehen edizinoan egingo diran ikerketen zehetasunak. Azaldu dauenez, euskerea eta generoaren inguruko hiru ikerketa egingo dira beka-deialdi honen bitartez: Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko baliabidea, Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruzaren eskutik; Euskerearen erabilerea bultzatzeko sortu diran diskursoen azterketea genero ikuspuntutik, Onintza Legorburuk egingo dau; eta azkenik, Tene Mujika, Emakumea, Nekane Goikoetxeak egingo dauena.
Sailburuagaz batera, Donostian egindako prentsaurrekoan izan dira Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Onintza Legorburu zein Nekane Goikoetxea ikertzaileak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak lehen aldiz bultzatu dau deialdi hau, genero-bardintasunagaz Eusko Jaurlaritzearen konpromisoaren barruan. Holan azaldu dau Zupiria sailburuak: Datuek erakusten deuskue generoak eragiten dauela hizkuntza portaeran eta aldagai esanguratsua dala eta, horregaz batera, badakigu emakumezkoen zeregina euskerea bizibarritzeko prozesuan oso garrantzitsua izan dala. Askotan nabarmendu izan dogu ikerketa soziolinguistikoa oinarrizkoa dala eta uste dogu ikertzeko gai interesgarriak dagozala euskerea eta generoaren inguruan. Miren Dobaran sailburuordeak adierazo dau Jaurlaritzeak gogoetea eta ikerketea sustatu nahi dituala Genero Bardintasunaren Planaren barruan.
Programearen helburua lau beka emotea bazan be, horreetako bat emon barik geratu da, epaimahaiak holan erabagita. Bekadun bakotxak 15.000 euro jasoko ditu ikerketea egiteko eta guztira 45.000 euro inbertiduko dira. Eusko Jaurlaritzeak berak proponidu ditu ikerketa-gaiak:
- Lehenengo bekea: Hizkuntza gitxituaren bizibarritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.
- Bigarren bekea: Generoaren ikuspegia txertatuz eregiten diran hizkuntza gitxituaren bizibarritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.
- Hirugarren bekea: Generoa eta hizkuntzea buztartzen dituen corpus, komunikazino edo-eta diskurso azterketak eremu ezbardinetan (hezkuntzea, lan-mundua, familia, aisialdia eta kirola...).
- Laugarren bekea: Hizkuntza gitxituaren bizibarritzean emakumeek izan daben zereginari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea erabili edo-eta ikerketa - bibliografikoak eginez).
Epaimahaiaren erabagiak
Ikertzaileek gai zehatzak plantetako aukerea izan dabe eta ondokoak izan dira epaimahaiak aukeratutakoak:
- Lehenengo bekea: Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak egingo dabe Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko baliabidea ikerlana. Epaimahaiak holan arrazoitu dau erabagia: Euskeraz, erregistro informala ezagutzea eta erabilerea beherantz doaz, baita erregistro femeninoaren erabilerea (noka) be. Ikerketa barri honen bidez, Nokaren erabilerearen galereari buruzko arrazoiak zehaztuko dira, baita bera berreskuratzeko aukerak aztertu be. Esangura horretan, bide barriak edegiko dira hitanoa aztertzeko genero ikuspegitik.
- Bigarren bekea: Hutsik geratu da, jasotako proposamena eta deialdiaren helburua ez etozalako bat.
- Hirugarren bekea: Onintza Legorburuk egingo dau Euskerearen erabilerea bultzatzeko sortu diran diskursoen azterketea genero ikuspuntutik ikerketea. Epaimahaiaren arabera, diskursoek genero markak dituela aurkezten da hipotesi moduan eta interesgarria izan daiteke horretan sakontzea, batez be gaur egungo datuek erakusten deuskuelako badagoala hala-moduzko feminizazino bat euskerearen ezagutza eta erabileran.
- Laugarren bekea: Nekane Goikoetxeak Tene Mujika, Emakumea ikerketea egingo dau, haren testuinguru sozio-politikoan kokatuta eta genero ikuspegiak emon leikezan aukera barriakaz informazioa osotuz eta narratiba barri bat eregiz' epaimahaiaren aburuz.
Kontuak kontu, ikertzaileek 12 hilebeteko epea izango dabe ikerketak gauzatzeko. Ondoren, epaimahaiak balorau eta aztertuko dau eregitako ezagutza barriaren zabalkundea zein izango dan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!